Athletici zeozer gerta-tzen jako. Marcelo Bielsak dino berak inoiz ez dauela sailkapenera begira-tzen. Zenbakiak ez dauz gustuko, antza. Edozelan be, zenbakiak ho-tzak dira eta zeozer adierazten dabe. Athleticek puntu bakarra eskuratu dau Ligako azken lau jardunaldietan eta urrundu egin da sailkapeneko goialdetik. Egia da, bai, hiru puntuak merezi zituala Gijongo Sportingen aurkako partiduan baina gauza bat dala edo bestea dala puntu bakarragaz geratu da. Valentzia edo Atletico de Madrilen aurka Llorente barik galdu eban Athleticek. Sportingen aurka, ostera, ustezko hamaikakorik onenarekin be ez da garaipena eskuratzeko gauza izan. Brankaganetik kikuke nabilela behin baino gehiagotan ikusi dot Athletic sailkapeneko hirugarren posturako lehian. Valentzia eta Malaga, baina, bederatzi puntura geratu dira.
Zenbakiak eta emaitza hotzak alde batera itxita, taldearen jokoak makalaldi nabarmena euki dau. Sportingen aurkako partiduko lehen ordu erdian Athleticek jaurti be ez eban egin aurkariaren atera. Manchester Uniteden aurkako kanporaketako partidu bietan joko zoragarria egin eta zerua ikutu ostean, zuri-gorrien errendimenduak beherakada itzela euki dau. Honelako krisialdiak normalak izaten dira Europako txapelketetan maila ona emoten daben taldeen artean. Are gehiago entrenatzaileak hamalau jokalari bakarrik erabilten badauz.
Kontuak kontu, ezin da esan Athleticen egoerea larria edo kezkatzeko modukoa danik. Inondik eta inora bez. Edozelan be, azken lau jardunaldietan puntu bakarra eskuratu eta joko makala erakutsi dauen talde batek hausnarketea egin behar dau zer gertatzen jakon aztertzeko. Ganera, azterketa hori giro nasai baten egin leike, larrialdirik ez dagoalako. Behinola be esaten neban, talde honek ondoegi ohitu gaituela. Marcelo Bielsaren taldeak askotan erakutsi dau futbolean bikain jokatzen dauela. Entrenatzaileak berak be aitortu dau erregulartasuna falta jakola taldearen jokoari. Krisialdi txiki honetatik indar barriturik urten behar dau Athleticek denporaldiko azken txanpa ederrari aurre egiteko.
Europa Leagueko kanporaketaren azterketan sartu aurretik, Gijongo Sportingen aurkako partiduko gertakari baten ganeko hausnarketea eragin gurako neuke. Zer dala eta jaurti eban penaltia Iker Muniainek? Eta ez dot galdera hori egiten jaurtiketea huts egin ebalako. Fernando Llorentek hartu eban baloia jaurtiketea egiteko baina Txantreakoagaz berba egin eta gero berari itxi eutsan baloia. Ausarta izatea ondo dago baina apaltasuna galdu barik. Jokalari bikaina da, bai, baina hondino zer ikasi asko dauka Muniainek.
Schalke 04 eta Bartzelonaren aurka jokatuko dau Athleticek aste honetan. Europako Leagueko final aurrekoak ate joka daukaz talde zuri-gorriak. Koldo Agirrek zuzendutako taldeak 1977an eginiko balentria dogu gogoan eta ez dogu inoiz ahaztuko Bettegak San Mamesen sartutako gola, UEFAko txapela kendu euskun-eta. Schalke 04 taldeak baino gehiago kezkatzen nau Athleticek. Marcelo Bielsaren taldeak joko ona eta dinamika positiboa berreskuratzen badauz edozein aurkariri irabazteko gauza da, Manchester Uniteden aurka erakutsi eban lez. Ligako azken partiduetan lez jokatu ezkero, ostera, finalaurrekoetarako bidea aldats ikaragarria bihurtuko da. Konfiantza osoa daukat Iraola, Amorebieta, Iturraspe eta enparauetan. Agur esan aurretik, lotsagarria da benetan Athleticek zapatuan jokatu behar izatea Bartzelonaren aurka. Puntuak alde batera itxita, jokalarien osasuna dago jokoan.