Athleticek txarto -edo ondoegi- ohitu gaitu aurten. Marcelo Bielsaren taldeak berrogeitasei partidu ofizial jokatu dauz denboraldia hasi zanetik eta hamar baino ez dauz galdu. Galdutako gehienetan, ganera, gol bakar bategaitik nagusitu jako aurkaria. Hori gitxi balitz, orain dala egun gitxi batzuk Athleticek garaipen historikoa lortu eban Manchester United Europa Liguetik kanporatuta, partidu biak irabazita ganera. Horreri guztiari gehitu behar jako taldeak partidu guztietan erakutsi dauen joko erasokorra. Aurretiko horreekaz, gogorra da Valentziaren aurka 0-3 galtzea San Mamesen.

Aurreikuspen txarrenak bete ziran Unai Emeryk zuzendutako taldearen aurkako partiduan. Hasteko, Fernando Llorente deialditik kanpo ikusteak umezurtz itxi eban taldea aurrealdean, are gehiago Gaizka Toquero zigortuta egonda. Beste alde batetik, itxarotekoa zan taldea freskotasun barik egotea aurreko eguenean exijentzi handiko partidua -fisikoki eta sikologikoki- jokatu ostean. Valentziak be, Europa Leagueko partidua jokatu eban eguenean, bai, baina entrenatzaileak talde erdia aldatu eban. Emeryren taldearen sendotasunari, Athleticek eginiko oparia gehitzen badeutsagu ulertu geinke San Mamesen gertau zana. Teixerira Vitienes be lagundu egin eban zuri-gorrien itxaropena itzaltzen.

Esandako guztiari beste faktore bat gehitu behar jako: Roberto Soldado. Valentzia ez zan Athletic baino gehiago izan baina marrazoa dauka aurrealdean. Odola usaintzen dauenean ez dau huts egiten. Soldadok gola sartu leike edozein jokalditan. Oso zorrotza da. Zitala. Hortxe egon zan Athletic eta Valentziaren arteko alde nabarmenena. Talde zuri-gorria Llorente barik eta Valentzia Soldadorekin zelaian eta Aduriz aspertuta ordezkoen aulkian jesarrita. Athleticek daukan Llorente-menpekotasuna ikaragarria da. Ganera, zelaian ez dagoanean emoten dau sikologikoki kaltegarria dala taldearentzat. Talde honek beste aurrelari bat behar dau Llorente ez dagoanerako. Ez dago zalantzarik.

Athleticek galdu egin dauz Ligako azken bi partiduak, biak be, Europa Leagueko norgehiagokak jokatu eta gero. Jokalariek behin eta barriro dinoe taldea ondo dagoala fisikoki. Ni ez naz aditua kirol medikuntzan eta ez dakit noraino heldu daitekean jokalari baten errendimendua. Zenbakiak, baina, ikaragarriak dira. Athleticeko jokalariek berrogeita sei partidu ofizial jokatu dabez eta Marcelo Bielsak hamahiru gizon erabili dauz nagusiki: Hasierako hamaikakoa osatzen dabenak eta San Jose eta Toquero. Iker Muniainek 3.666 minutu jokatu dauz, De Marcosek 3.512 eta Iturraspek 3.425 minutu. Adibide argiak eta esanguratsuak dira. Denporaldia amaitu arte, gitxienez beste hamalau partidu jokatuko dabez zuri-gorriek. Aste honetan bertan, beste bi eta datorren asteko eguenean Alemanian. Zelan helduko ete da taldea azken txanpara? Horixe da danok gure buruari egiten deutsagun itauna. Marcelo Bielsak konfiantza itzela dauka bere hamaikakoan baina atsedenik ezean Herrerak, Iturraspek eta enparauek ezin dabe euren onena emon. Hiru lehiaketetan maila ona emon gura dauen taldeak jokalari gehiago erabili behar ditu. Hamaika-hamahiru jokalari ez dira nahikoak Ligan, Europa Leaguen eta Kopan lehiatzeko. Ganera, ez da ahaztu behar hasierako hamaikakoan jokatzen daben gizonek ez dabela lesino larririk izan, Carlos Gurpegi kenduta.

Ligako azken partidu biak galdu arren, Athleticek lau puntura dauka datorren urtean Txapeldunen Liga jokatzeko aukerea emoten dauen laugarren postua. Zuri-gorriek joko maila onena berreskuratu beharko dabe Vicente Calderonen eta baleiteke, berriz ere, Llorente barik izatea.