Athleticeko bederatzi jokalari nazinoarteko partiduak jokatzeko deitu ebezan aurreko astean. Markel Susaeta ez egoan deitutakoen artean eta Lezaman geratu zan Realaren aurkako partidua prestaten. Ikusitakoaren arabera, eibartarrak ondo baino hobeto prestau eban Realaren aurkako derbya, bera izan zan-eta Athleticeko jokalari onena. Kritika ugari entzun behar izan dau baina ez dau amore emon. Bielsak bere konfiantza osoa emon deutso Liga, Kopa eta Europako Ligako partidu guztietan zelairatuta. Susaetak merezidu dauen protagonismoa aldarrikatu gura izan dau. Gidoia goitik behera aldatzeko eskatu eta berak emon deutso garaipena Athletici, taldeko protagonista guztien ganetik. Zorionak Markel!

Domekako partiduan argi eta garbi geratu zan derbyak bereziak dirala. Ordurarte gertatutakoak ez dau balio. Hasiera baten, Athletic faborito garbia zan derbya irabazteko. Bielsaren taldea denporaldi bikaina egiten dabil, partidua San Mamesen jokatzen zan eta Realaren errendimenduak behera egiten dau etxetik kanpo jokatzen dauenean. Athleticek irabazi egin eban, bai, baina uste baino gehiago sufriduta. Hasteko esan, nire uste apalean Bielsaren taldeak igarri egin ebala Ander Iturrasperen faltea. Abadiñokoak ia partidu guztiak jokatu dauz erdialdeko postu garrantzitsu horretan eta normala da taldeak haren hutsunea igartea. Ganera, aurkariak gizon asko pilatu eban zelai erdian eta bigarren zatian batez be, nagusitu egin jakon talde zuri-gorriari. Athleticek, baina, Realak baino zorrotzagoa dauka labana eta horrek emon eutsan garaipena. Kontuak kontu, barriro dinot ezin jakola gehiago eskatu taldeari. Martira helduta, Athletic sailkapeneko laugarren postuan dago, eguenean Old Trafforden jokatuko dau eta Kopako finala jokatzeko sailkatuta dago. Ezin da gehiago eskatu.

Aitatu beharrekoa da bigarren zatiaren hasieran gertatutako jokaldia. Ez dakit Carlos Velak jaurtitako baloiak ateko marrea erabat gainditu eban. Baleiteke baietz. Ez dakit Javi Martinezek baloia eskuagaz ikutu eban. Baleiteke arbitroak huts egin izana, beste askotan Athleticen aurka egiten daben lez. Kontua da onartuezinak dirala Gipuzkoa aldean ustezko kazetari batzuk idatzi eta esandakoak. Athletic eta Athletic zaleok iraindu egiten gaitue. Iraindu, bai. Ganera, irainak botateko orduan ahaztu egiten dabe Athletic zaleak ez dirala bilbotarrak bakarrik. Etorkizun onena opa deutsat Realari eta ea egunen batean talde bien arteko partiduak benetako euskal futbolaren festak diran, oraingoak ez dira-eta. Zenbait lekutan arnasten dan gorrotoa onartuezina eta negargarria da.

Athleticeko zaleriak azterketa soziologikoa egitea merezi dau. Krisi garai honetan eta oztopo guztien ganetik, zazpi mila zale inguru joango da Ingalaterrara Athletic eta Manchesterren arteko partidua ikustera. Ganera, askok eta asko ordu piloa igaro dabe San Mamesko leihatilen aurrean sarrera bat erosteko. Ikaragarria benetan.

Manchester Uniteden aurkako kanporaketaren inguruan, kirol aldetik oso-oso erakargarria iruditu arren, ez jat bape gustaten klub ingelesaren jarrerea. Garbi daukat Sir Alex Ferguson, Rooney eta enparauentzat Europa League jokatzea zigor bat dala, Txapeldunen Ligatik ezustean kanporatuta geratu ostean. Manchester United harrokeriaz jokatzen dabil eta Athleticek errespeturik handiena merezi dau. Ez dakit zer gertau daiteken aste honetan Manchesterren baina Athletic zaleek kontuz ibili beharko dabe. Badakigu hooliganak zelako triskantzak egiteko gauza diran.