Zirkuko piztiok
AZKEN lan-erreformari buruz bi adiskide hizketan autobusean: "jendea nazkatu egingo da azkenik" dio batek. "Ez dut uste", erantzun du besteak, "nazkatuta ere, alferrik da-eta: ezinezkoa da zirku honetatik ateratzea". Eta zirkuko piztiak bezalakoak garela gu, horixe pentsatu dut nire artean: pistan piruetak egite hutsarekin konformatzen ohituta. Ongi formatutako gazterik ez da altxatuko, ezta eskarmentu handiko langilerik ere ez? Isilik guztiok: langabeak, lan-aukerarik txikiena ere nahikoa zaielako, eta baita lanean ari direnak ere, galtzeko beldurrez edo. Nola iritsi gara etsipenaren maila honetara? Hona nire hipotesia.
Domatzaileak zartailua astindu egiten du zirkuko pistaren erdian. Ikusleak isilik daude, piztiek zer egingo zain. Zas!, entzun da ozen. Tamainaz handiagoak dira, eta askoz indartsuagoak, baina piztiak, tigre, lehoi eta elefanteak, panpinatxoak dira aspaldidanik. Hezitzaileak mendean hartuta dauzka jaio zirenez geroztik, eta beldurraren beldurrez, piztiek erantzun egiten diote zartailua eskuan duen domatzaileari. Ikusleek txalo egiten dute piztiek kaiolako beren txokoetara atzera egin duten bitartean.
Ez dira sekula matxinatzen. Ez dute eraso egiten, gehienez ere, hamaika aldiz entseatu dituzten orroak egiten dituzte, ikuskizuna edertzeko edo. Ez da erraz ulertzen nola litekeen piztiak erabat esaneko bihurtzea. Zartailua baino askoz indartsuagoa da piztietako edozein, hezitzailea bera baino bizkorrago eta krudelagoa ere bai. Zergatik, orduan, men egite hori?
Eman zaien bizimodu hori dagoen bakarra dela ikasi dute piztiek eta emandakoari buru egitea ez ei da posible. Jaio bezain pronto, hezitzaileak atzeko hanka lo-tzen dio elefante kumeari. Txiki den bitartean, ez du indarrik hesola bota edo katea apurtzeko. Saiatu egingo zen hasieran, tematu ere behar bada, baina berehala ikasiko du alferrik dela. Handitu egingo da galanki, edozein hesola bota-tzeko adina eta gehiago, baina ez da ahalegindu ere egingo, barruraino sartzen baitira ikasbideak.