Bisurtea
Beste modu batekoak izan nahi genuke, baina garen bezalakoak garela nabari zaigu aunitz keinutan. Barrea eragiten digute txiste arruntek, baina humore inteligentea goresten dugu galdetzen digutenean. Entsegu mardulak hartzen ditugu eskuartean liburu-dendatan, baina bestsellerrak erosten ditugu autobusean irakurtzeko. Dokumental bikainak atsegin ditugula esaten dugu, baina tele-zaborrarekin konformatzen gara. Adiskidetasuna aipatzen dugu bizitzari zentzua ematen dioten sentimenen artean lehena, baina gorriak ikusten ari den lagunari dei egiteko orduan, beti da beranduegi.
Beste erabatekoak izan nahiko genuke, goragoko zereginetarako aukeratutako jainko eta jainkosen modukoak, baina eguneroko bizimodua labadora, erosketa eta berriketa hutsaletan joaten zaigu. Egunak joan eta egunak etorri. Frustrazio pittin bat sortzen du horrek, adinean aurrera zoazen neurrian gero eta gutxiago, egia esan. Oro har, nahikoa eroso mugitzen nahiaren eta ezinaren artean eraiki dugun mundu paraleloan.
Krisi bat behar da lubaki horretan alde batetik bestera igarotzeko. Benetako drama bat, norberaren neurrikoa bada ere. Ikasketa-garaian lagun min-mina zenuen horrek auto-istripu baten semea galdu duela jakitea, adibidez. Anaiaren lantegian EREa egin eta kale gorrian utzi dutela enteratzea, adibidez. Zure arimaren parte baten jabe zen pertsona hori hil egin dela entzutea telefonoaren bestaldetik, adibidez. Orduan ispilua apurtu egiten da mila puskatan, eta zati txiki bakoitzean galdutako aukera guztiak agertzen zaizkizu agerian.
Orduan zerbaitek krak egiten dizu barru-barruan eta dena aldatzen da. Ahoskatutako berba bakoitzari beste zentzu bat ematen diozu, bazter utzitako ohitura zaharrez ohartzen zara, eta damutu eskuarki. Kasurako beranduegi izaten da. Baina ez beti.
Oraintxe, adibidez, aukera ezin hobea duzu: aurrean dituzu 366 egun berri, ongi sailkatuta egutegian. Urte berriak soberako egun opari emango digu, zeurea izan daitekeena. Urte berri on, bada.