Síguenos en redes sociales:

Barkamena

EZ gara Joseba Sarrionaindiaren literatur balioa aldarrikatzen hasiko. Irakurri duenak badaki bere poemetan bizitza dagoela, bere saioetan puntako ideiak eta bere nobelan pertsonaien noraeza. Familiak eta abokatuak adierazi dute idazleak ez duela zorrik legearekin. Beraz Joseba Sarrionaindia Euskadi Sarietako izangaia izan daitekeen aldetik saritua izan daiteke, eta izan da. Legea legea da, Eusko Jaurlaritzak hainbatean esan duen bezala, beraz Euskadi Sariaren dirua Joseba Sarrionaindiari dagokio literatur ohorearekin batera.

Beste kontu bat da zutabe honetan behin baino gehiagotan aipatu dudan barkamenaren eremua zeina legez harantzago baitago. Nelson Mandela gutxi dugu gure artean. Barkamenak eskuzabaltasuna eska-tzen du, legeak zorroztasuna. Ez da derrigor baizik eta borondatezko, ez dagokio arauen eremuari baizik eta gizatasuna izenda genezakeen eremu lauso horri.

Joseba Sarrionaindiari ez zaio barkatu ETAkoa izatea. Eta ez dago barkatzeko asmorik ere, barkamenik ez duelako eskatu aitatuko dute batzuek; eskatu izanagatik ez dutelako nahi arrazoituko besteek. Barkamenak norberaren erra, gorroto, iraganaren gainetik paratu eta berriz ere hastea eskatzen du. Heldutasuna du aurrebaldintza, borondatea gidari, eta etsipena, zen-tzu estoikoan, makulu.

Hemen ez dago batere borondaterik. Juan Calparsoro Euskadiko Fiskal Nagusiari kristorenak eta bi erori zaizkio "ETA desagertzen bada Justiziak eskuzabal jokatuko du" adierazi ondoren. PPtik, Telemadridetik (gauza bera dira), PSOEtik...

Barkamen giro gutxi ikusten dut ziklo berri bat hasteko. Hainbat biktimek kobratu ezin dutena kobratu nahi dute, alegia, galdu eta sufritutako guztia itzularazi nahi diezaioten dute gogoan. Bizitzak ez du hori ahalbidetzen, hildako pertsonak, galdutako urteak, ereindako sufrikarioak ez direnez burtsako akzio ez dute etekinik ematen.

Baina esan bezala barkatzea zaila da. Bat prest egon behar du urteetako minaren segurantzia hori gabe bizitzeak sortzen duen amildegi sentsazio barik aurrera egiteko. Askatu egiten omen du. Baina esan bezala Mandela gutxi.