Síguenos en redes sociales:

Opariak

GIZON bat entzun dut kexuka, urteak dira emazteak ez diola oparirik egiten urtebetetzean, hala esan dio telefonoaren bestaldean zuen norbaiti. Eta pentsatu dut badagoela hori baino zerbait larriagoa. Askotan gertatzen da. Bikote baten hasierako urteetan, opari ez materialak izaten dira nagusi, une erromantikoak opar-itzen dira: Elkarrekin bidaia bat Erromara, luxuzko jatetxe batean afaria, kontzertu berezi baterako sarrerak? Gutxika, opari ez material horiek gorpuzten hasten dira, material bihurtzen. Hasieran liburu edo disko bat izaten da (hor oraindik uneak oparitzen dira, beraz ez dira guztiz materialak), gero kolonia bat (materiala, baina aldi berean etereoa)? Hurrengo fasean materialago den zerbait, alkandora bat, kasu. Eta horren ondoren, oparirik gabeko urteak datoz. Bikoteak ez du zure urtebetetzea ahaztuko eta muxu berezi bat emango dizu goizean, baina ez du burua hautsiko opari orijinal baten bila, besteak beste, "denetarik daukazulako".

Beno, ba, kexuka ari zen gizonari esango nioke badagoela bikotearen oparirik gabeko urtebetetzea baino egoera larriagorik. Eta horren ondoren datorren fasea da. Benetan kezkatzeko fasea den honetan, bikoteak opari super-erabilgarri bat egingo dizu: iratzargailu bat, gimnasia egiteko aparatu bat (horrek bai egiten duela min), pijama bat? Kontuz. Alerta gorria. Fase honetan bazaude, jakin ezazu zure bikotearen unibertso erromantikotik kanpo zaudela jada, eta haren familiaren unibertsoan sartu zarela, bere neba-arrebak, koinatuak, aitaginarrebak eta seme-alaben maila berean.

Egoera larrian zaude, baina oraindik berreskuratu dezakezu zure harremanaren erromantizismoa. Prestatu ezazu, ahalik eta azkarren, opari ahalik eta inmaterial eta sinbolikoena, (margotu iezaiozu marrubizko mermeladaz bihotz bat goizeko ogi xigortuaren gainean, nik dakit). Antzeko zerbait egiten ez baduzu, arrisku handia daukazu egunen batean belarri eta sudurretako ileak mozteko aparatu elektriko horietako bat jasotzeko opari, eta hor bai, ez dagoela atzera bueltarik.