MARCELO Bielsaren Athleticek hasiera txarra emon deutso denporaldiari. Datuak hortxe dagoz eta zuri-gorriek puntu bakarra eskuratu dabe Liga txapelketako lehen hiru jardunaldietan, partiduetako bi etxean jokatu arren, bigarren mailatik igo barriak diran aurkarien kontra ganera. Horixe da errealidade gordina. Hortik aurrerako balorazino guztiak subjektiboak dira, bakotxaren eretxiaren araberakoak. Danetarik entzun dogu azken orduotan, Betisen aurkako porrotaren ostean hain zuzen. Ukaezina da zalantzak nagusi dirala zaleen artean. Etorkizunari begira, ostera, zaleriaren zati batek itxaropenari eusten deutso, konfiantza daukalako Marcelo Bielsaren proiektuan eta taldeak apurka apurka gorantz egingo dauela uste dauelako. Zaleriaren beste zati baten eretxiz, ostera, Rosarioko entrenatzaileak amiltegirantz daroa taldea eta iragarritako hondamendiaren atarian gagozala dinoe. Azken honeek, Bielsa gupida barik kritikatzeaz gain, kandelatxu bat biztuten dabe hainbeste maite daben Joaquin Caparrosen irudiaren aurrean.

Athletic zale guztiok kolpe gogorra jaso genduan Betisen aurkako partiduan. Bratislavan partidu ederra jokatu eta denporaldiko lehen garaipena lortu ostean, danok usten genduan Bielsaren taldeak goranzko bideari eutsiko eutsala eta mendean hartuko ebazala Beñat Etxebarria eta enparauak. Entrenatzaileak Europa Leagueko partiduan erabilitako formulea errepikau arren, emaitza kontrakoa izan zan. Betisen kontrako partiduaren ganeko edozein balorazino egiteko orduan, oso kontutan euki behar da Athletic 0-2 galtzen joiala hamahirugarren minuturako. Beñatek zazpigarren minutuan eta Natxok hamahirugarrenean sartutako golek goitik behera baldintzatu eben partidua. Rayo Vallecano eta Espanyolen aurkako partiduetan gertatu zan lez, Athleticeko jokalariak esku zabal agertu ziran aurkariagaz eta Betisen lehen gol biak benetako opariak izan ziran. Aldats gora eta ondo jokatu ez arren, Athletic partiduan sartu zan De Marcosen golari esker. Zorteak, baina, ez eban lagundu eta Ayza Gamezek bertan behera itxi eban zuri-gorrien erreakzioa lehen zatia amaitzear egoala. Egia da, bai, bigarren zatian Betisen aukera garbiak euki ebazala gol gehiago sartzeko baina hori logikoa da etxeko taldea buru belarri ari zalako erasora. Era berean egia da baita, Athleticek esku-eskura euki ebala bardinketea azken minutuetan.

Irakurketak irakurketa, Athleticek puntu bakarra dauka hiru jardunaldi jokatuta. Horixe da errealidade gordina eta mingarria, zoritxarrez. Dana dala, ez dogu ahaztu behar denporaldia hasi baino ez dala egin eta taldeak inoiz baino gehiago behar dau zaleen babesa, entrenatzailea nor dan kontutan euki barik. Athleticek irabaztea gura dot beti, entrenatzailea Valverde, Heynckes, Kendall, Luis Fernandez edo Mane bada begiratu barik.

Garbi dago taldeak hobetu egin behar dauela. Egitura defentsiboa ahula da, taldeak sufridu egiten dau aurkariak goian presionaten deutsanean eta gol egiteko aukera gehiegi behar dira. Ganera, azken urteotan jokalari erabagigarriak izan diran Javi Martinez eta Fernando Llorente ez dabilz oso fin eta taldeak igarri egiten dau. Beste alde batetik, Bratislavan partidu zoragarria egin eban Iker Muniain ezinean ibili zan Betisen aurka. Mutil honek bide luzea dauka egiteko eta gauza asko ikasi behar dauz hondino. Ondo dago lotsabakoa izatea jokatzeko orduan baina jarrera aldetik apaltasun gehiago erakutsi beharko leuke. Ganera, Muniainek argi euki behar dau talde bateko kide dala eta berak bakarrik ez dauela aurkaria menderatuko.

Onerako ala txarrerako laster jakingo dogu Bielsaren Athleticek gorantz egiten dauan ala amiltegirantz doan. Malaga, Vila-real, Paris Saint Germain eta Realaren aurka lehiatuko dira zuri-gorriak hurrengo hamar egunetan. Baikor izan gaitezan.