APAR gehiegitxo, hain olatu gutxirako, ateratzen zutelakoa iruditu zitzaidan lehen kolpetik. Gipuzkoako ahaldun nagusiak hiru aurrezki kutxen bateratzea -edo biltzea esan beharko- prentsa aurrean adierazi zuenean orduantxe eta beraiek egindako ekimen baten berri ematen ari zela zirudien. Bere buruari txalo eta biba batzuk eskatuz, etekinen % 30a gizarte ekintzetara bideratzea edo trust berri hori publikotasunaren barne mantentzea beraiek, Bildukoek, lortutako emaitza edota ondorioa ematen zuen. Ez baitzuten aurresan Kutxakoek zein eskaintza egin zioten, zer proposatu zioten. Dena -edo gehiena- jakiten denez, kasua da Kutxakoek bilera horretara joan aurretik zehatz mehatz erabakiak zituztela datu horiek. Bildukoek, eta gizalegerik laudagarrienaz, onartu besterik zituzten datu interesgarriok.

Esan gabe doa, oraintsu arte, Bildu edo, areago, maiorazkoz koalizioaren bozeramale aritzen den Ezker Abertzalea hiru Kutxen bategite edo egiteko eraren kontra izan direla urteotan. Gutxitxo aldatu dira kutxek haien intentzio edo asmoz, askotxo, ordea, Ezker Aber-tzaleen egoera botere politikoaren alorrean. Kasu honetan, beste askotan bezala, kristoren botere ekonomikoa suposatzen duen botere politikoan, noski. Eta pertsonala. Duela lau hilabete pentsaezina zitekeena, gaur eskura dutelako. Alegia, Bildu eskubide osoz Kutxa edo Kutxetan edo Kutxa Bank-en kontseiluan izango dela eta Bildu-tar batzuk kutxa-banku kontseilariak izango dira. Ez dago kasu honetan botere alternatiboa egiterik.

Eudel bezalako politikerietan berdin dio. Oposizioan kasik nabarmenago ikusiko dira. Urte askotako estiloari jarraiki, barnean eraiki baino errazago izango da kanpotik kritikak egitea. Ez dute ia ahaleginik ere egin alderdi edo ideologi gehienekin batera behar beharrezko den beste udal elkarte horretan izateko. Bada, dena den, delitua Eudelen daudenena ere. Maiatzako udal hauteskundetako garaile nagusia udal erakunde batetatik landa uzteko asmo tinko hori. Ateak oraindik irekiak omen daude baina, nik dakidala, goi kargu guztiak banatuak eta izendatuak daude.