PeDRO Ugarte maisuak aberatsei buruz idatzi berri du zutabea, aberatsen errepresentazioari buruz, zehazki: XX. mendearen hasierako karikaturetan aberatsak lodiak ziren beti, pobreak, aldiz, argalak; gaur egun loditasuna pobreekin dago lotuta, mendebaldean jakina, eta argaltasun osasuntsua aberatsekin.
Aberatsak albiste dira krisi ekonomikoaren garai hauetan. Herrialde batzuetako aberatsek kontzien-tzia bat (ez dakit handi ala txiki, on ala txar) dutela erakutsi nahi dute eta zerga gehiago ordaintzeko prest daudela aldarrikatu dute. Ez ditut hemengo aberatsak (EAEkoak eta Nafarroakoak esan nahi dut) en-tzun horrelakorik eskatzen, ez dirudi gure aberatsak prest daudenik zerga gehiago, apur bat gehiago, ordaintzeko. Agian gure artean ez dago aberatsik, zeren, aberatsei buruzko errepresentazioak aldatu diren bezala, aberatsaren kontzeptua bera ere aldatu baita.
Zutabegile ustez ezkerreko bati irakurri nion orain dela gutxi, Espainiako parlamentarioren ondasunak zirela eta, bi etxe eta 150.000 euro bankuan izatea normala dela, arrunta, edozeinek duela hori, hori ez dela aberatsa izatea, normala dela Fragak miloi bat euro bankuan izatea bizitza osoa lanean eman eta gero. Beste zutabegile ustez serio batek (unibertsitateko soziologoa izatea serioa bada) aberatsa zein den definitzeko orduan dauden zailtasunez idatzi du balizko zerga igoeraren aukeraz aritzen zelarik: benetako (sic) aberatsek elkarteak antolatzen dituzte, pertsona fisiko bezala aberatsa izateari uzteko, eta urteko 150.000 euro irabazten duten profesionalek (ai, profesional gaixoek!) ez dute zerga igoerari merezi hainbeste lan egin ondoren. Aberatsei zerga igotzeaz hitz egitea, bestalde, demagogikotzat hartzen dute askok eta askok, baina ez baldin badago aberatsik ez dakit zertaz aritzen garen, yateei buruz hitz egin beharko genuke bakarrik agian.
Krisiarekin klase ertainak desagertzeko bidean zeudela bagenekin baina aberatsak, klase bezala, desagertzen ari direla jakitea ustekabea da niretzat. Mundua benetan alda-tzen ari da.