Hiru partidu ofizial jokatu dauz Athleticek 2011-2012 denporaldian eta Marcelo Bielsaren taldea ez da bat bera be irabazteko gauza izan. Hori ikusita, entrenatzaileak berak Espanyolen aurkako partidua amaitu ostean aitortu eban lez, ulertzekoa da zaleok zalantzak izatea taldearen inguruan. Ondo jokatzeak, puntuak aurkariaren zorroan lagata, ez dau ezetarako balio.

Orain arte ikusitakoaren analisiak adar bi daukaz. Alde batetik esan beharrik ez dago, Bielsaren zenbakiak ez dirala onak. Taldeak puntu bakarra eskuratu dau Ligan, berak aitortu dauen lez, irabazteko moduko aurkari biren aurka. Beste alde batetik, Athleticen jokoari jagokonez Espanyolen aurkako partiduan argi eta garbi geratu da Bielsaren taldeak garaipenaren bila urten ebala eta aurkaria baino gehiago izan zan minutu askotan, bigarren zatiaren lehen erdian batez be. Rosarioko entrenatzaileak erasoko jokoaren aldeko apostu garbia egiten dau. Orain arte, baina, Athletic ez da aurkari bat bera be mendean hartzeko gauza izan.

Alde batetik, zuri-gorriek arazo ugari daukie aurkariaren atea zulatzeko, hau da, gol aukerak gauzatzeko. Trabzonspor eta Espanyolen aurkako partiduetan Athleticeko aurrelariek aukera ugari alperrik galdu ebezan. Aitortu beharra dago perikitoen atezainak lan izugarria egin ebala. Athleticek partidu ugari jokatuko dauz hurrengo egunean eta lehoiek orain arte baino sasoi hobea erakutsi beharko dabe ate aurrean.

Marcelo Bielsaren taldeak ahalegin itzelak egiten dauz baloia lehenbailehen berreskuratzeko aurkariaren zelaian presino itogarria eginez. Horregaz batera, erasora jokatzen dauenean taldea oso irekita dago. Hau da, Athleticeko entrenatzaileak indarrean ipini gura dauen jokatzeko moduak, kontzentrazino eta sendotasun handia eskatzen dau defenditzeko orduan. Ba, hiru gol jaso dauz Gorka Iraizozek Ligan eta hiruretan zuri-gorriak ez dira bape fin ibili. Espanyolen gol biak zein Movillak San Mamesen sartu ebana Athleticeko jokalarien opariak izan ziran. Kontuak kontu, erasora begira polito jokatzeak eta aurkaria mendean hartzeak ez dau ezetarako balio gol aukerak gauzatzen ez badira eta norberaren atea sendotasunez eta ganoraz jagoten ez bada.

Marcelo Bielsaren alde esan behar dot, eskertzekoa dala autokritika egitea eta partidua galdu izana bere errua izan dala aitortzea. Oso gatza da entrenatzaile bat -edo jokalari bat- autokritika egiten entzutea eta pozgarria da. Argentinarrak hile bi daroaz Athleticen eta jokatzeko filosofiari jagokonez gauzak oso garbi badaukaz be, zalantza eta buruhauste sakonak ditu hamaikakorako jokalariak aukeratu eta kokatzeko orduan. Bielsak bakarrik daki zergaitik zelairatu eban Iñigo Perez atzekaldeko ezker hegalean, Aurtenetxe deialditik kanpo itxi eta De Marcos zelai erdira bidalita. Kike Liñerok Bilbao Athletic zuzentzen ebanetik ez dau jokatu Iñigo Perezek postu horretan. Beste alde batetik, ez dot ulertzen eta ezin dot ulertu, zer egiten dauen Andoni Iraolak ordezkoen aulkian jesarrita. Gurpegiren lana gitxietsi barik, ulertuezina da usurbildarra taldetik kanpo egotea.

Bielsaren Athleticek zalantzak sortu dauz, bai, baina hurrengo egunetan argituko dogu botila erdi beterik ala erdi hutsik dagoan. Bratislavako Slovan eta Betis izango dira hurrengo termometroak. Esandako guztiak esan eta gero aitortu behar dot baikor nagoala etorkizunari begira, Herreraren lesinoa kolpe gogorra izan arren. Espanyoleko jokalariek partidu amaituta erakutsi eben poza eta algarak argi erakusten deusku aurkari handi baten kontra jokatu eta irabazi ebela. Zorionak Bermeo-Urdaibai!