DONOSTIAKO estropaden ondorengo bazkalostean ari ginen Donostiako elkarte ezagun batean, lagunartean solas ederrean, kontu kontari eta kantari.

Urteroko ohitura bihurtu da, herrialde desberdinetako abertzaleak eta euskaltzaleak elkartzeko baliatzen duguna, eta badakizu, irakurle, halako ohitura onei ezin izkina egin. Halako batean, Telesforo Monzon politikari ezagunak behinola idatzitako Batasuna olerkiak, Pantxoa eta Peiok musikatu zutena jarri zuten bozgorailuan. "Aupa, gizona!/Jaiki, mutil!... abertzale izanez gero, gaur,/gauden denok anai". Emakume eta gizonen berdintasunerako politikak duela urte gutxiko kontuak dira, bistan da.

Abertzaleok batu, bildu beharra izan da eta da askoren desioa, bai lehen nola baita orain ere. Frankismo sasoian, euskararen eta euskal kulturgintzaren aldeko langintzan, franko hil osteko eguneroko herrigintzan, edo are hobeto esateko gure nazioaren eraikuntzan. Alabaina, batasuna desioa izan da errealitatea baino gehiago gure artean, salbuespen urri batzuk aparte utzita.

Frankoren kontra eraman beharreko borroka ez genuen partekatu, ez eta ostean ireki zen prozesuan egin beharreko bidea ere, bakoitzak bere lorratza egin baitzuen. Ez ditugu ez helburuak, ez horiek lortzeko estrategiak zein taktikak amankomunean jarri. Batzuk indarkeriaren makulua izan dute estrategiaren ardatz haien helburuak lor-tzeko, haren arrimuan edozer justifikatuz edota bedeinkatuz. Beste batzuek, ostera, herritarren atxikimendua lortzeari eman diote lehentasuna, arian-arian pausoak emanez, herri honen garapenerako heldulekuak eraikiz, zenbaitetan hanka sartuz baina gehienetan asmatuz.

Zenbat sufrimendu eragin da, mesprezu jasan... zenbat zatiketa eta liskar gertatu dira, eta zenbat irain bota dira? Kontatzeak ere pena ematen du. Zenbat denbora galdu dugu? Ezinikusiek genituen indarrak nola makaldu dizkigute?

Batzeko, biltzeko unea omen da oraingoa. Zertarako, ordea? Bake prozesua iltzatzeko?

Bakea, lagun hurkoari begirunea gordetzea da edozer eraiki ahal izateko ezinbesteko abiapuntua, eta ez ezeren ondorio. Gaizki gabiltza gurdia idi parearen aurretik jartzen ahalegintzen bagara beste behin ere.

Gure herria zurrupatu, hankapean hartu dutenen kontra aritzeko bildu beharra ote daukagu? Eta zerk osatzen du gure herria? Zerk eratzen du gure lurraldea? Zatiketa hori nola gainditzen da ezpada askotarikoak diren herritarren atxikimendua landuz, erakartzen saiatuz eta gehienen borondateak errespetatuz. Bildu... Nafarroan batuta zeudenak sakabanatuz? Eta hizkuntza kontuetan, itxurakerietatik harago, nola indarberritu dezakegu euskara, ohikotasunez, normaltasun osoz -Bildukoak barne direla- erdaraz -batez ere- inolako arrangurarik gabe ari direnean herri honetan?

Elkartu? Zertarako? Besteak baino gehiago garela azaltzeko. Eta horren ostean, eguneroko zereginean zer?

Elkarte eta erakundeetan, herri eta auzoetan urteetan pilatu direnak bazterrean uzten badaukagu, hasteko, nahikoa lan; herrigintza eta auzogintza elkarren errespetuan eraikitzen badaukagu nahikoa zeregin; sasoi batean ez ezik ez horren aspaldi, besteak beste, ikastolen mugimenduan, helduen euskalduntze alfabetatzean eta beste hainbatetan eragindako zatiketak gainditzen, zauriak sendatzen, elkar hartzen badugu nahikoa erronka.

Herri bezala nora egin nahi dugun nola egingo dugu bat baldin kontu errazagoetan elkar hartzeko, errespetatzeko eta onartzeko gauza ez bagara?