KANTA ederra entzunda ohartu nintzen: jaioz gero ikasten ari gara. Laboaren ahots urratuak egiak are egiago bihurtzeko zuen berezko ahalmenari esker ohartu nintzen: zilbor-hestea eten behar dugu bizi-tzarako armak hartzearren. Hala izan da gizakia gizaki denez geroztik, baina itxura guztien arabera, ez dugu batere aurrera egin garai berrietarako arma egokiagoak eskuratzeko.
Ikasi dugun lehen lezioa irabaztearen artea da. Nire belaunaldiko haur guztiei bezalaxe, neroni ere besteak baino -ago izateko hezi ninduten, hura zelakoan armarik indartsuena. Irabazteko lehiatzen ginen eskolako jolas-tokian, aurkariak atzean uzteko, partida irabazteko, besteak baino denbora gehixeago emateko saltoan. Nota bikainak ateratzeko prestatzen gintuzten, eta bide batez garbi utzi ziguten norberaren zenbakia baino askoz garrantzitsuagoa zela lortutako nota hura ondokoena baino handiagoa izatea. Irabazteko hezi gintuzten eta beraz, geure kabuz ikasi behar izan dugu galtzen, metodologiarik gabe, kolpez kolpe eskuarki.
Bizitzan, alta, badira bestela lehiatzeko moduak, denok irabazle bihurtzen gaituzten egoerak, elkarren laguntzarekin irabaziak biderkatzen dituztenak, bat gehi bat bi eta erdi (edo infinitu) izan daitekeela erakusten digutenak.
Talde-lanean erakutsi izan baligute, askoz errazagoa zatekeen guztia gaur egun. Egunotan ahotik ahora dabilkigun euskal aurrezki-kutxen bat egitea, adibidez, bestelako irizpiderekin adostuta legoke aspaldi. Geure ongizatean oinarrizko zutarri izan daitezkeen erabakiak ere zentzu eta tentu gehiagorekin ibiliko genituen. Aspaldidanik geure artetik desagertu den konfiantza eraikitzeko abilidadea falta zaigu, ordea, eta guztion hobe beharra bilatu ordez, bereizten gaituzten ñabardura txikiei erreparatu egiten diegu itsumustuan. Irabazteko hezi gintuzten eta gero galtzen ikasi badugu ere, leziorik zailena geratzen zaigu: galtzailerik bilatu gabe, denok irabazle ateratzeko moduan lehiatzeko armak eskuratzea.