maizenik, kanpokoek areago neurtzen eta eskertzen dute egiten dugun ahalegina. Asteburu honetan Aiako Harriei bisita egin diegu. Eta lehenbiziko tontorrera heldu ginenean, 80 urte inguruko bikote batekin egin genuen topo. Hizketan entzun gintuztelarik, ea nongoak ginen galdetu ziguten. "Donostiakoak" erantzutean, bigarren galdera zuzendu ziguten: donostiar euskaldunak ala donostiar erdaldunak ote ginen. Eta guk "euskaraz egiten duten donostiarrak" ginela. Bikotea alemaniarra zen nahiz eta gurekin frantsesez aritu. Umeek eskolan eta guk ere lanean euskaraz egiten ote genuen galdetu ziguten gerora. Eta guk baietz, umeek dena euskaraz egiten zutela eta gu lanean, ahal genuen neurrian, saiatzen ginela. Eta alemaniar bikote edadetuak, euskaraz egiten jarraitzeko animatu gintuen, zorte handia dugula azpimarratuz.
Eta niri, astean zehar lankide euskaldun berri batek esandakoa etorri zitzaidan burura: euskararen alde lan egiten jarraituko zuela baina ez bileretan etab. Izan ere, ez zela berak nahi bezala espresatzen, asko kostatzen zitzaiola berak pentsatzen zuena jakitera ematea, eta, beraz, nahiago zuela bere lekua beste bati utzi.
Ezin hobeto ulertu nuen. Euskaldunok erdaraz egin behar dugun minutu erdi bakoitzean bezala sentitzen zen: ahalegina egin beharrean (ahalegin handia), sekula, bere lehen hizkuntzan arituz bezala ez sentitzeko.
Lasaitzeko eskatu nion, sentitzen zuena ez zela berria argudiatuz. Eta berak ez zela gauza bera defendatu zidan; euskaldunon kasuan, gaztelaniak gure inguru guztia harrapatzen duela-eta, hizkuntza normalizatua dela-eta, gurekin batera jaiotakoa? Guztiarekin ere, gure bigarren hizkuntza dela azaldu nion berriro, bigarren mailako sentiarazten gaituena...
Bikote alemaniarrak, mendian behera hasi aurretik, zorte handia zutela esan zien umeei: atzerriko hizkuntzak ikasteaz gain, eurena gordetzeko ahalegina egiten bazuten.