Síguenos en redes sociales:

Munduko bakea

KONTU jakina da munduko bakearen alde missek egin dutela gehien. Berdin da nongoak diren, den denek desiratu izan dute munduan bakean izatea, eta ondoren- errubia guztiak ez dira tuntunak- Gogol edo Marcel Prousten literatura edo fisika kuantikoa aipatu. Ez, errubia guztiak ez dira tuntunak. Kontua da Miss Serbia eta Miss Kosovok, anaitasunaren izenean pentsatu nahi dut, elkarrekin argazki bat egin, bainujan-tzi eta banda, eta Facebooken zintzilikatu dutela. Miss Serbia gaixoari kristorenak bota dizkiote, txikiena traidorea, eta antzeko egin diote Miss Kosovori isuritako odol guztia gogoraraziz.

Nik, zer esanen dizuet, miss izatea nahi nuke eta munduko bakearen alde egon, horrela batere ñabardura eta zirrikiturik gabe. Munduko bakea, Europako bakea, Espainiako bakea, Euskal Herriaren bakea, merkatuen bakea , halaxe anarkisten leloa, zeina, bestalde, missek betetzen duten hobekien, errealitate bihurtu.

Baina ez, nazioak daude, eta nazioek jendea desberdin egiten dute, eta internazionalismoak gorabehera, hemen mundu guztiak jo-tzen du bere aldera, horregatik gara primateak. Eta missak. Orain pentsatzen jarrita horrexetara laburbil daiteke giza etika: primatea eta missaren arteko nahasketa ez beti orekatua. Alemanek, esaterako, ez dutenez haien maila ekonomikoa jaitsi gura, ez dute eurobonoa estreinatu nahi, eta horrela zorioneko merkatuei bakea eman. Alemanek ez dute batere misstasunik eta horrela gabiltza gainontzekook asaldaturik.

Miss Serbiak kendu egin du argazkia Facebooketik barkamena eskatu ondoren, ustekabean izan omen da, bera serbiar ona dela eta abarrekoak. Berdintsu egin du Miss Kosovok hildako guztien odol isuriarekin aipamenarekin zorra kitatuz. Munduko bakearen aldeko beste aukera galdu bat. Hemen, esanak esan, norberak berera jotzen du: serbiarrek berera, kosovarrek berera, alemanek berera. Gezurra da nazioak ahiturik direla, egia, ordea, gero eta botere gutxiago dutela. Oskol huts gisa irauten dute bakarrik. Merkatuek dute boterea eta haiek egiten dute gehien munduko bakearen alde. Haiek dira miss.