ETBko albistegietan egunero (egunero bi aldiz eta bi hizkuntz ofizialetan) ateratzen dute zerbait euskal industria berrienaz, turismoaz, alegia: nekazal landetxeen okupazio maila, eguraldi ona hondartzetan, uztailan etorritako turista kopurua, hiri turismoa, museoak, eguraldi txarra hondartzetan, hotelen okupazio maila, kostaldeko ibilbideak, barnealdeko ibilbideak, ardoak (sagardoa barne), abuztuan etorritako turista kopurua, irailaren hasieratik atzora arte etorritako turista kopurua, kanpinak, eguraldia (esan dut?), kruzeroak, kalitatezko turismoa. Turismoa, kontzeptu moduan, ateratzen duten bakoitzean, turistak, pertsona humanoak bezala, ateratzen dituzte: elkarrizketak egiten dizkiete pintxo mucho buena bezalako pentsamenduetan sakontzea aukera ematen digutelarik, eta skarrikask edo horrelako zerbait botatzen dutenean, euskaltzale zakildunei loditzen zaie zakila eta euskaltzale guztiei, oro har, zerbait busti, izan begiak, izan hankarteak.

Ni ez nago turismoaren kontra, argi gera dadin, ni neu askotan turista naiz, bizi naizen hirian, gainera, turismoa oraintxe arte exotikoa izan da, baina albistegietan Libia, Bildu, langabezia, Pakistan, Patxi Lo, Barcina anderea, Siria, krisia eta garrantzirik gabeko gauza horiek hamar minututan bukatzea eta turismoari gelditzen diren hogei minutuak eskaintzea gehiegikeria iruditzen zait. Badakit turismoa industria handia dela, dirua ekartzen digula eta abar, baina turismoarekin hainbeste tematzea kosmopaletismoaren zantzu garbia da nire ustez, konplexu atabiko baten sintoma kezkagarria. Ez dakit euskal gizarte osoa horrelakoa den, kosmopaleta esan nahi dut, edo bakarrik ETBko albistegi zerbitzua.

Atzerriko lagun bat dut etxean egunotan bisitari. Uste dut oraindik ez dela inongo estatistiketan sartu, ez dute inon zenbatu, eta kezkaturik nago demostratu nahi baitiot ETBkoei zein Eusko Jaurlaritzakoei nik ere turismoaren alde lan egiten dudala, nik ere etorkizun handiko industria honetan ekarpen paregabeak egiten ditudala. Ea eskatzen duen mapa bat behintzat Gasteizko informazio bulegoan.