GURE eskolan aurten barrakoiak jarri dituzte. Udan lanean jardun dute jolas-parkeari koska handi bat kenduta, aldi baterako eraikuntzatxoak altxatzen. Molde zaharreko eskola baitzen gurea, antzinako moduan sortua: gela handikoa, bi pisurekin kasu gehienetan, korridore luzeak eta olgetarako toki handia, sortu zen garaian haur gutxi baitzegoen, eroso egoteko moduan. Garaiak, alta, aldatu egin dira. Ez da bat-batean izan, eskola ez da egun batetik bestera mehetu, eta ikasle berriak ez dira saldoan etorri, baina gero eta gehiago gara. Tarteko konponketa txikiak alferrik izango zirela iritzita, eskua hartzeko ordua heldu da. Jende sanoa dugu inguruan, eta zalantzak gora-behera, helburu berari lotuta gaudela ikustean, egoera onartu egin da: denontzako tokia izango duen eskolak sakrifizioa merezi baitu. Oso bestelakoa zatekeen jarrera gure haurrak barrakoietara bidal izan balituzte, adibidez, irakasleentzako kafe-gela handiagoa edo solera handiko sendien haurrentzako sarbide pribatua eraiki-tzeko.
Bizitzan maiz gertatzen dira horrelakoak. Behin eta berriro esaten zaigu pipiak jota daudela geure bizimoduari eutsi izan dioten habeak eta erortzekotan zegoela ziotenak zuzen zeudela garbi ikusi dugu. Konponketa txikiak eginez eutsiko egingo geniola uste nahi izan dugu, baina heldu da ongizatearen kontzeptuari goitik beherako zaharberritzeari ekiteko unea. Zertarako, ordea?
Egoeraren ezerosotasunak jasateko gauza izango gara helburu komunak mugiarazten gaituela argi ikusten badugu. Denontzako tokia lortzeko bada, ni prest nago ongizatearen barrakoietara joateko, lehengo moldean jarraituta ezinezkoa izango baita denontzako tokia: kanpoan geratuko dira, besteak beste, langabeak, lanik aurki-tzeko esperantzarik ere ez duten gazteak, eta bizimodu duinaren bila etorritakoak, besteak beste. Aitzitik, gutxi batzuen pribilegioei eusteko bada, ez du merezi izango negu gorriko hotzak.
Aurtengo ikasturtea, bada, bitxia izango da: ez zaharra ezta berria ere, hala-moduz pasa beharrekoa, geroko hobe beharraren esperoan, baina erne.