Egunkaria zabaldu dut eta barruko orrietan, eguraldiaren xehetasun guztiekin eguraldiaz hitz egiten duten erreportajeen eta kirolari eskainitako tarteen artean, Afrika erdialdeko enegarren gosetearen berri laburra dator. Egoera jasanezina dela dio, lehorteak eta gerrak dena muturrera eraman dutelako. Mendebalde aberatsa ohartu dela hango tragediaz, eta zailtasun burokratikoak gora-behera, giza-laguntza iristen hasi dela. Notiziaren tonua eta esaldien segida aurreikustea ez da zaila. Duela hamabost urteko berbera da-ta. Tartean espero ezin daitekeen ezer gertatzen ez bada, behintzat, hamabost urte barru gaurkoaren antz handi-handikoa irakurriko dugu berriro. Beharbada, hauxe da Historiaren ziklikotasunez eskolan hitz egin zigutenean ulertu ez nuen fenomeno hura.

Elikagaien Nazioarteko Erakundeko arduradunak gosearen agerraldi bakoitzari dagokion esaldi biribila eman zuen, egoera aldatzen ez den bitartean, titularrak gutxienez berritu ahal izateko: "Afrika gosez hiltzen ari da, eta geu lotsaz". Hala da, baina arduradun horrek eta geuk ongi dakigun bezala, goseak kontzientziak baino askoz bizkorrago hiltzen du. Egia esan, ez dut uste bertakoei geure lotsak batere axola dienik, ez bada erreakzionatzeko eta ardurak hartzeko balio izango duela uste dutelako, baina ez dut uste horren itxaropen izpirik ere izango dutenik honezkero.

Etorkizunak ihes egiten dio Afrikari haur gosetu bakoitzaren malkoetan behera. Behin eta berriro. Etorkizuna ez da han hemengo haurrek amesten duten oparotasunaren lurralde distiratsua, sekula gorpuzten ez den aukera txikien balizko ilusioa baizik. Etorkizunik ez duenak orainaldia txukuntzeko motiborik ez du, eta iraganari begiratzen dio, bere barrura behatzea latzegia litzatekeelako. Sisifo nekatua da Afrika. Badaki, onenean ere, ordeka lasairen bat helduko zaiola, laburra eta mehea, non arnasa hartu ahal izango duen hurrengo aldapa amaiezinerako indarrak biltzeko. Bizkar gainean daramatzalarik bere etorkizunik eza eta geure lotsa, behin eta berriro.