Erdizka
GOIZERO entzuten dut iragarkia irratian. Telefono konpainia batekoa da eta honela dio gutxi gora behera: zineman aspertzen naizenean, telefonoa hartu eta nire lagunekin txateatzea gustatzen zait. Eta entzuten dudan bakoitzean pentsatzen dut: baina zer demontre egiten duzu zuk zineman aspertzen ari bazara? Zergatik ez zara hortik irteten eta ez duzu beste zerbait egiten?
Gauza bat egin (lagunekin txateatzea) beste bat (pelikula bat ikusi) egiten ari zarela suposatzen den bitartean: egungo gizartean gero eta hedatuago dagoen bizimodu baten sintoma da hau. Gauza bakarrean kontzentratzea ez omen dago modan, iraganeko zerbait da.
Tabernan lagunarekin zaudenean, esku batekin kafe kikarari heldu eta bestearekin poltsa arakatzen hasten zara, telefonoan mezuren bat duzun ikusteko. Eta bitartean, zeharka irakurtzen dituzu telebistak erakusten dituen albistegietako lerro-buruak. Belarriekin txalo egite falta zaizu bakarrik emakume eta gizon orkestra izateko.
Telefono mugikorrek burmuineko minbizia eragin dezaketela esaten dute orain. Ez dakit egia izango den, baina ez daukat dudarik gure arima eta buruei min handia egiten diela etengabe egiten dugun buruko zapping honek. Ordenagailuan zerbait idazten hasten zara, eta bost minuturo idazketa utzi eta Facebook edo Twitterren sartzen zara, nobedaderik dagoen ikusteko, edo posta elektronikoan, mezurik sartu zaizun egiaztatzeko. Eta horrela ezinezkoa da idazten ari zaren horretan kontzentratzea eta, ondorioz, sakontasunean sartzea.
Ezinezkoa da nobela batean behar bezala murgiltzea, pelikula batean, lagunekin ditugun elkarrizketetan ez bagaude guztiz gauden lekuan. Ez du ezertarako balio eginkizun bati denbora eskaintzea ez bada kalitatezko denbora. Izan ere, bizi garen moduan, erdizka bizitzeko arrisku handia dugu, leku guztietan egon, eta inon ere ez egotekoa.