Liga txapelketa amaituta, eztabaidea da nagusi Athletic zaleon artean. Danok gagoz pozik Athleticek Europako Ligarako txartela eskuratu dauelako baina ez gatoz bat denporaldiaren ganeko analisia egiterako orduan eta are gitxiago etorkizunera begiratzeko orduan. Aurrera jarraitu baino lehen argi eta garbi esan gura dot eretxi guztiak zilegiak dirala. Horixe da eztabaidearen edertasuna: bakoitzak bere ideiak eta argudioak defendidu ahal izatea askatasun osoz. Nire errespetu osoa daukie Joaquin Caparrosen lana goraipatu eta Athleticen jarraitzea merezi dauela dinoenek. Baina zilegi da kontrakoa pentsatzea be.

Brankaganetik argi eta garbi itzi dot nire ustetan Joaquin Caparrosek ez leukela jarraitu behar Athleticen. Ez dot gustuko bere estiloa, aspertu egiten naz San Mamesen eta gurago neuke beste entrenatzaile bat izatea hurrengo denporaldian. Ez naz hori uste dauen bakarra. Arestian esan doten lez, eztabaidea kalean dago eta Caparrosen aldeko eta kontrakoen arteko ika-mika ugari entzuten dira egunotan kaleetan eta futbol zelaietan. Utrerakoak jarraitzea gura dabenek erabilten daben argudioaren oinarri nagusiak bi dira: Taldea Europa Ligarako sailkatu izanak sekulako meritua dauka, euren ustetan Athleticeko jokalarien kalidadea eskasa dalako. Hau da, ezin jako gehiago eskatu entrenatzaileari, behiak ez dauela esne gehiago emoten. Argudio honen harira dator bigarrena be. Caparrosek jarraitzearen aldekoek dinoe, entrenatzaile aldaketa egonez gero hondamendia etorri daitekeala. Hau da, Caparros barik amildegitik behera jausiko litzateke Athletic. Ontzia hondoratu egingo litzateke patroia aldatu ezkero. Ilunpetan biziko ginateke.

Domeka arratsaldean Lezaman Athetic-Celta gazte mailako partidua ikusten nengoala eztabaida bizia sortu zan zale batzuren artean Caparros dala eta ez dala. "Caparrosek sekulako meritua dauka. Bigarren B mailako jokalariak izanda UEFArako sailkatu dau taldea" esan eban batek. Beste batzuk kaletik dinoste, taldearen gainbehera etorriko dala Caparrosek taldea itzi ezkero. Ikarearen mezua. Iraizoz, Iraola, San Jose, Amorebieta, Javi Martinez, Muniain, Llorente, Iturraspe, Susaeta, Gurpegi, David Lopez, Toquero, Ekiza eta enparauak ez dira bigarren B mailako jokalariak lehen mailakoak baino. Caparrosek jarraitzea gura dabenek inoiz ez dabe aztertzen taldearen jokoa eta estiloa. Antza hori bigarren maila batean dago. Bakoitzak bere eretxia dauka eta bere lehentasunak. Brankaganeko begiralearen ustetan, Athleticen estiloa ez da hori, zelai barruan zein zelaitik kanpo.

Liga txapelketa amaitu da, jokalariek oporraldiari ekin deutse eta hondino ez dakigu hauteskundeak noiz izango diran. Emoten dau bihar zehaztuko dabela eguna, Garcia Macua eta bere zuzendaritza batzordeak Ibaiganen daukien batzarrean. Hauteskunde kanpainea hasi barik dagoala gogoratu deutso hauteskunde batzordeak Josu Urrutiari -zelan edo nondik dakie hautagai izango dala?-, egunkari batek kaleratutako albistea oinarritzat hartuta. Ofizialki kanpainea hasi ez bada be, Garcia Macua inoiz baino sarriago agertzen da hedabideen aurrean eta zaleen aurrean. Domeka goizean Miribillan egon zan Bizkaia Bilbao Basketen partidua ikusten. Ordu berean emakumezkoen taldeak partidua eukan Lezaman Espanyolen aurka. Arratsaldean Lezaman egon zan presidente jauna Athletic-Celta gazte mailako partiduan. Atzo Ander Herrera aurkeztu eban, ekainaren 30era arte Zaragozako jokalaria izan arren. Presidente izateko esprinta ez da hasi, ofizialki behintzat, baina hautagai batek besteak baino atzeragotik ekin beharko deutso azken txanpeari.

Ez dot amaitu gura gogoratu barik Euskal Selekzinoak, gure selekzinoak, Estonian jokatuko dauela bihar. Gauza bat dala edo bestea dala, emoten dau Tallinekoa patxanga bat izango dala. Zer edo zer txarto egiten gabilz.