SEI jardunaldi baino ez dira geratzen Liga amaitzeko eta Athletic sailkapeneko bosgarren postuan dago, Sadarren hamar gizonegaz lortutako garaipenari esker. Ustez, Athletic zaleok ezin dogu gehiago eskatu. Izan be, taldeak esku-eskura dauka denporaldi hasieran jarritako helburua betetea: Europako txartela eskuratzea. Athleticen partiduak ikusten ez dauen edozeinek esan leike talde zuri-gorria denporaldi bikaina egiten ari dala. Athleticeko jokalari ohi batek esan eustan euren sasoian telebistarik ez egotea abantaila zala, inor gitxik ekialako zelan jokatzen eban taldeak etxetik kanpoko partiduetan. Gaur egun, ostera, Athleticen joko eskasa agirikoa da, etxetik kanpoko partiduetan batez be. Hori bai, Joaquin Caparrosek meritu itzela dauka. Izan be, oso gatxa da sailkapenean bosgarren egotea hain joko gitxi erakutsita.
Caparros gordinena ikusi genduan Sadarreko (badakit Nafarroako Erresuma ipini deutsela, baina...) prentsa aretoan. Entrenatzailearen agerraldia hasi aurretik garbi neukan ez ebala autokritikarik egingo joko negargarria egin arren. Taldea garaile izan zan -eskerrik asko Ricardo, bihotzez- eta Caparrosentzat horixe da balio dauena. Beste azterketa guztiak bigarren maila baten geratzen dira. Athleticeko entrenatzaileak argi eta garbi esan eban garrantzitsuena sailkapenean bosgarren jarraitzea dala, taldearen jokoa eta irudia penagarria izan arren. Hori ez da garrantzitsua. Ganera, oldartu egin jaken Athleticen joko eskasaren ganean itaundu eutsen kazetariei: "Usted se irá contento a Bilbao, no?", erantzun eutsan lankide bateri. Kontuak kontu, pozik egon behar gara. Ez dago besterik. Almikeko Ama Birjinaren eta Ricardoren laguntzeagaz irabazi dogula jakin arren, pozik egon behar gara. Ezin dogu eskatu taldea ondo jokatzen ikustea, edo ahalegintzea behintzat.
Iraizozek, Muniainek, Iturraspek eta Castillok ezingo dabe jokatu Realaren aurka zapatuan San Mamesen. Raul, ordezko atezainarengan, konfiantza osoa daukala esan dau Caparrosek, orain arte kontrakoa erakutsi arren. Athleticeko atezain gazteak ez dau minutu bat bera be jokatu Ligan zein kopan eta zapatuko derbia azterketa oso gatxa izango da berarentzat. Marroi bat.
Castillo zigorturik egonda, nork jokatuko dau ezker hegalean? Koikili jokatzeko prest dago azken hiru jardunaldietan baztertuta geratu ostean. Otxandiokoa desagertu egin da deialdietatik partidu askotan titular izan eta gero. Pentsa daiteke, pentsa bakarrik, Ibaiganen ez deutsela kontratua luzatu gura eta Caparrosek horren araberako aginduren bat jaso dauela.
Apirilaren 19an gagoz eta hondino ez dakigu Athleticeko presidenterako hauteskundeak noiz egingo diran eta hautagaiak nortzuk izango diran. Edo argiago esateko, Garcia Macuak aurkaririk izango dauen. Josu Urrutiaren zain jarraitzen dogu. Estatutuak aldatu eta hauteskunde prozesua laburtzeko proposamena atzera bota arren, Athleticeko presidente jaunak esan dau euren agintaldia uztailaren 12an amaitzen dala eta ordurarte ez dagoala arazorik. Hauteskundeak egin, egin beharko dira eta errazoiren bategaitik ez dau deialdia egiten Garcia Macuak. Berak jakingo dau errazoia.
Gauza bat badakigu: Ernesto Valverde ez da Athleticeko entrenatzailea izango hurrengo denporaldian. Gasteiztarrak ez dau hauteskunde borrokan sartu gura izan. Gero-arte Ernesto. Ez dogu itxaropena galtzen.
Eta bihar, Espainiako Kopa txapelketa finala Mestallan. Zelako oroitzapen ederrak sortzen deustazan! Besarkadarik beroena Abel Barriolari. Ez da bidezkoa izan finaletik kanpo itxi izana. Zorterik onena Jose Luis Mendilibarri.