Xakea ezohiko kirola dala esan eban federazino bateko presidenteak. Izan be, partida galtzen dauenak ezin deutso errua bota arbitroari beste hainbat kirolean gertatzen dan moduan. Joan zan zapatuan, Clos Gomez, Athletic-Real Madril partiduko arbitroa, protagonista izan zan zelaian, penalti bi adierazo ebazalako, eta partiduko osteko prentsaurrekoetan, Athleticeko entrenatzaile, presidente zein jokalariek gogor kritikau ebelako haren lana. Clos Gomez ez da arbitro ona, Espainiako Liga txapelketako gehienak lez, baina bere lana ez zan erabagigarria izan azken emaitzan. Esan beharrik be ez dago errazagoa dala arbitroari botatea porrotaren erru guztia autokritika egitea baino. Athleticek ez eban galdu arbitroagaitik, piperrik be ez ebalako jokatu baino. Ganera, etxeko entrena-tzaileak ez eban asmatu planteamenduan. Hori bai, etorkizunera begira nasai egon gaitekez Llorentek Athleticen jarraituko dauelako. Izan be, Fernando Garcia Macua presidenteak esan deutso Florentino Perez, Real Madrileko presidenteari, Llorente ez fitxatzeko ez deutselako inoiz penaltirik alde adierazoko.
Athletic-Real Madril partidua jokatu aurretik itxaropentsu nengoan. Talde merengeak Ligea San Mamesen galduko ebala itxaroten neban. Real Madril Katedralera datorren bakoitzean Madriletik etorritako esatari zaratatsu bat egoten da nire alboan, Bizkaia Irratiaren ondoko kabinan, eta seguru nengoan lehoiek motiboak emongo eustezala neure orroakaz albokoa isilarazoteko. Zoritxarrez nire itxaropenak ezer ezean geratu ziran. Azken emaitzea alde batera itxita, zapatukoa partidu erosoa izan zan merengeentzat. Mourinhoren gizonek ez eben sufridu Katedralean eta beste munduko ezer egin barik eskuratu eben garaipena.
Baikorrak izan gaitezan. Zorioneko botilea erdi beterik ikusi daigun. Zazpi partidu geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta Athletic Europako Liga jokatzeko aukerea emoten daben postuetan dago. Sevilla, Atletico Madril, Espanyol eta Athleticen artean erabagiko dira aintzinako UEFArako hiru txartelak. Edozelan be, argi dago azken jardunaldietako bidetik jarraitu ezkero Europarako sailkatzea ezinezkoa izango dala Joaquin Caparrosek zuzentzen dauen taldearentzat. Dinoe, itsurik txarrena ikusi gura ez dauena dala. Athletic ez doa bide onetik. Taldeak ez dau ondo jokatzen eta emaitzak be txarrak dira. Hausnarketa sakona egin eta azken txanpeari indartuta ekiteko aukerea dago. Autokritika hori egiten ez bada, igaz jazo zana errepikau daiteke, hau da, taldea Europatik kanpo geratzea.
Athletic-Real Madril partidura itzulita, zapatuan ikusi nebanak indartu egin dau talde merengeak niregan sortzen dauen sentimentua...Mourinho, Pepe, Sergio Ramos eta Cristiano Ronaldo, besteak beste, gorroto dotezan baloreen eredugarri dira.
Aurrera begiratuta, emoten dau aste honetan jakingo dogula noiz egingo diran Athleticeko presidentea aukeratzeko hauteskundeak. Horregaz batera, hurrengo egunetan argituko da Josu Urrutia hauteskunde horreetan egongo dan Fernando Garcia Macuari aurre egiteko. Urrutiaren agertzeak gogor astindu dau Athleticeko familia eta ilusino handia sortu dau bazkide eta zaleen artean. Are gehiago Ernesto Valverderen alde apustua egiten badau.
Amaitzeko, zorterik onena Lemoari Federazino kopako finaleko bigarren partiduan. Gauza bera, Athleticeko emakumezkoei datorren domekan Lezaman Bar-tzelonaren aurka jokatuko dabe partidu erabagigarrian. Azkenik, zorionak Athleticeko gazte eta kadete mailako taldeei txapeldun geratu diralako Reala eta Osasunaren aurretik.