eZAGUNA da zelango garrantzia daukan futbolak gure gizarte honetan. Izan be, Athleticen inguruko kontuak hizpide izaten dira askotan gure arteko alkarrizketetan. Aspaldi honetan, nire herriko Athletic zaleek itaun asko egiten deuste talde zuri-gorriaren ganean eta egia aitortu behar badot, sarritan ez dakit zer erantzun. Bederatzi jardunaldi geratzen dira Liga txapelketa amaitzeko eta erantzun argi bako itaun asko sortzen dira Athleticen inguruan. Hasteko, zuri-gorriek ez dakie noiz jokatuko daben Almeriaren aurkako Liga txapelketako partidua. Futbol Profesionalaren Ligak iragarri dauenez, hurrengo aste-goienean ez da jardunaldirik jokatuko. Ulertuezina eta lotsagarria Real Madrilek eta Bartzelonak kontrolaten daben patronalaren jokabidea.
Erantzun bako itaunakaz jarraituko dogu. Sailkatuko ete da Athletic Europarako? Horixe zan helburua denboraldiari ekin aurretik eta horixe berori da gaur egun be. Athletic ondo kokatuta dago sailkapenean baina argi dago zuri-gorriek azken partiduetan baino hobetu jokatu eta egoereari bueltea emon behar deutsela hurrengo denporaldian Europa Leaguen jokatu gura badabe. Ea Ligan izandako etena ondo etorri jaken lehoiei.
Entrenatzailearen etorkizunak be zalantza asko sortzen dauz. Orain dala aste batzuk Fernando Garcia Macua presidenteak esan eban bere eretxian Caparrosen aroa Athleticen ez egoala amaituta. Orduan inork ez eban zalantzan ipinten Utrerakoak Athleticek jarraituko ebanik. Egoerea aldatu egin da ordutik eta hona. Entrenatzaileak esan dau datorren ekainean merkaduan egongo dala. Horregaz batera, jakina da Caparrosek hartu-emonak euki dauzala beste talde batzuekaz, Sevilla eta Atleticoko de Madrilegaz hain zuzen be. Kontuak kontu, zalantza bat barik, bi daukadaz: Caparrosek Athleticen jarraitu gura dau? Bederatzi jardunaldi geratzen dira Ligea amaitzeko eta partidu horreetako emaitzetan egongo da giltza.
Zalantzetan murgilduta, ez dakigu hauteskunderik egongo dan aurtengo udabarrian Athleticen. Fernando Garcia Macuak lau urte beteko dauz presidente karguan eta hondino be ofizialki iragarri ez dauen arren, barriro aurkeztuko dau bere burua presidenterako. Oraindik ez dakigu, baina, beste hautagairik egongo dan ala ez. Entrenatzailearen etorkizunagaz gertatu dan moduan, egoerea aldatu egin da azken asteetan eta baleiteke bazkide talderen batek aurre egitea Fernando Garcia Macuari hauteskundeetan. Caparrosen etorkizunaren ganean esan dogun lez, Liga txapelketako azken bederatzi partiduetako emaitzetan dago gakoa. Athletic Europarako sailkatzen bada, seguruenik Garcia Macuak ez dau aurkaririk izango Ibai-ganerako bidean. Zelaian gauzak okertzen badira, ostera, beste hautagaitza bat egoteko aukerak areagotu egingo dira. Tristea bada be, futbolean, emaitzek eta emaitzek bakarrik agintzen dabe, beste edozein azterketa errazional eta sakonen ganetik.
Eta hauteskundeak badagoz, Lezaman behar egiten daben profesional guztiak dardarka euren lanpostua arriskuan egon daitekealako. Hauteskundeek eragiten dabezan kalte kolateralak, jakina. Zorion agurren tartean, Athleticeko emakumezkoen taldea, Super-ligako finalerako txartela eskuratzeko zorian dagozalako. Animo, Bingen Arostegik zuzentzen dauen gazte mailako taldeari. Osasunaren zelaian bardindu ostean, (arbitroak balio barik itxi eban zuri-gorrien gol bat partidua amaitzear egoala) Realak datorren aste-goienean Barakaldon ez irabaztea behar dabe Ligea eskuratzeko. Amaitzeko, errespetu apur bat eskatzen dot Urdaibai arraun taldearentzat eta Bermeoko herriarentzat.