Udabarrian sartu barri gara, laster ordua aldatuko deuskue, bokartak jaten hasi gara eta traineru estropadak ugaritzen hasi dira. Horrek guztiak esan gura dau Liga txapelketea azken txanpan sartu dala. Bederatzi jardunaldi baino ez dira geratzen 2010-11 denporaldiari amaierea emoteko eta apurka-apurka futbol taldeak, traineruak azken luzean lez, arraunkada erritmoa bizituten hasiko dira, bakoitza bere helburua beteteko asmoagaz. Kontrakoa esan gurako neuke baina ikusitakoaren arabera, Athletic hauspo barik heldu da denporaldiko azken txanpara. Datuak hortxe dagoz. Joaquin Caparrosen taldeak lau puntu baino ez dau lortu azken zazpi jardunaldietan, eta, jakina, erritmo horregaz ez dago Europarako txartela eskuratzerik.
Lezaman behin eta barriro entzun dogu San Mamesko partiduak erabagigarriak izango dirala datorren denporaldian Europan egoteko. Valentzia, Sevilla eta Vila-realen aurkako partiduetan hiru puntu eskuratu dauz Caparrosen taldeak eta hiru horreek be zorteak lagunduta lortu ebazan. Egia da baita, zer edo zer gehiago merezi ebala beste partidu bietan. Baina emaitzak alde batera itxita, eta barriro dinot kontrakoa esan gurako neukela nire bihotza zuri-gorria dalako, Athleticen jokoa oso pobrea, oso mugatua da. Gogoa eta grina ez dira nahikoak Vila-real bezalako taldeei aurre egiteko. Zer edo zer gehiago behar da.
Denporaldiko azken txanpan sartuta, kalkulu matematikoak hasi gara entzuten prentsa aretoetan. Zenbat puntu beharko ete diran mailari eusteko, zenbat Europako Ligarako sailkatzeko eta abar. Lezaman entzun dot, hirurogei puntu lortu behar dirala Europarako txartela ziurtatzeko. Athleticek 42 puntu daukaz eta bederatzi jardunaldi geratzen dira jokatzeko. Beraz, 27 puntutik 18 lortu beharko leukez Joaquin Caparrosen taldeak. Beste era batera esanda, bederatzi partidutik sei irabazi behar dauz Athleticek Europa Ligarako sailkatzeko. Almeria, Real Madril, Osasuna, Reala, Espanyol, Levante, Deportivo, Malaga eta Racingen aurka jokatuko dabe zuri-gorriek.
Ezkortasunetik iges egiteko, ahaztu daigun orain arte gertatutakoa eta pentsa daigun Athletic ondo kokatuta dagoala Europa Ligarako txartela eskuratzeko borrokan. Seigarren dago sailkapenean eta gol-average dalakoa alde dauka Atletico de Madrid eta Sevillagaz, bere aurkari nagusiakaz. Ganera, azken bederatzi jardunaldietan, Real Madril eta Espanyol kenduta, sailkapeneko beheko aldeko taldeen aurka jokatuko dau. Athleticek merezi dauen lekuan amaituko dau denporaldia, lehiaketak talde bakoitza jagokon lekuan ixten dauelako. Zuri-gorriek euren eskuetan daukie Europarako txartela eskuratzea. Ez dagoz inoren menpean. Horretarako, ostera, ukabilkada bat jo behar dabe mahai ganean bide okerretik urteteko. Jokalariek eurek jo beharko dabe ze ez dot ezelango aldaketarik itxaroten entrenatzailearen aldetik. Autokritika, zero.
Medikuarengana joatekotan itzi nau astegoienak. Nire buruak engainau egin nau. Izan be, zapatu gauean Atletico de Madrid eta Real Madriden arteko partidua ikusten nengoala, poztu egin nintzan Benzemak talde merengea aurreratu ebanean. Atletico de Madridek galtzea gura neban Athleticen aurkari zuzena dalako Europako Ligarako borrokan, baina ezin deutsat onartu, inondik eta inora, nire buruari Real Madriden gol bat ospatzea. Iparra galtzen hasita nago antza. Athletic indartsu ibiliko balitz ez ginateke beste zelai batzuetara begiratzen ibiliko.
Amaitzeko, Vila-realen aukako partiduan, zentral bi aulkian eta Ander Iturraspe erdilari sortzailea harmailetan baztertuta. Zorionak Ernesto Valverderi eta Jon Aspiazuri Greziako ligea irabazi dabelako.