Athleticeko jokalariek behin eta barriro errepikatu dabe Europarako txartela eskura- tzea dala helburu nagusia denboraldi honetarako. Lau partidu erreskadan galdu eta gero Joaquin Caparrosek argi eta garbi esan eban Sevillaren aurka jokatu aurretik Athleticek holako aurkariei egin behar deutsela aurre Europan sartu gura badau. Esan beharrik ez dago, Ligak talde bakoitza jagokon lekuan izten dauela eta Athletic sailkapeneko bostgarren postuan dago hogeitazazpi jardunaldi jokatu ondoren eta Ligea amaitzeko hamaika partidu geratzen diranean. Valentziaren aurkako azterketan huts egin eta Zaragozan negargarri jokatu eta gero, zuri-gorriek partidu serioa jokatu eta irabazi egin eben aurkari handi baten aurka.

Pozik urten neban domekan San Mamesetik eta ez Athleticek irabazi egin ebalako bakarrik. Caparrosen gizonek partidu serioa jokatu eben azken jardunaldietan bikain ebilen Sevillaren aurka. Lehen zatian markagailuan aurreratzeko aukerak izan ondoren, Athleticek eutsi egin eutsan Manzanoren taldeari bigarren zatiaren lehen erdian, Kanoutek eta enparauek garaipenaren bila buru belarri urten ebenean. Bolada txarra amaitu da, urrezko hiru puntu lortu dira eta taldea bizirik dago, Europarako txartela eskuratzeko borrokan lehiatu daitekeela erakutsita. Europarako bidea luzea eta gogorra izango da. Sevillari irabazita inork ez leuke onartuko atzera be huts egitea etxetik kanpo.

Beste aitamen bi Sevillaren aurkako partiduaren ganean. Ze ona eta dotorea dan Kanoute! Beste alde batetik zalantza sakon bat daukat: Noiz itxiko deutse Koikiliri falta jaurtiketa bat botaten? Atzo bera zan ezkerti bakarra zelaian eta ezkerti batentzako falta aproposa egon arren David Lopezek jaurti eban. Bizkaitar bakarra hamaikakoan eta bera galoi bakoa.

Caparrosek bizkaitar bako taldea zelairatu eban eguaztenean Zaragozan. Ez ikaratu! Bizkaitarrak ez dira desagertu Athleticen. Zapatu goizean Ander Iturraspe, Ibai Gomez eta Eneko Boveda aurkitu nebazan Lezaman, Athletic eta Santutxuko alebin mailako taldeen arteko partidua ikusten. Urko Vera be handik ebilen Bilbao Athleticegaz entrenetan. Bizkaitarrik egon badago baina euren aldeko apostua egin behar da.

Bilbao Athleticek Oviedon jokatu eban partiduan hamar bizkaitar egozan hasierako hamaikakoan. Jokalari guztiak Igor Martinez kenduta. Athleticeko gazte mailako taldeak Zubietan jokatu eban asteburuan eta Bingen Arostegik zelairatu eban hamaikakoan Bizkaian jaiotako bederatzi jokalari egozan. Iñigo Ruiz de Galarreta eibartarra eta Aymeric Laporte lapurtarra kenduta, beste guztiak bizkaitarrak dira. Ganera, ordezkoen aulkian lau bizkaitar eta napar bat egozan.

Athleticek bana bardindu eban Realaren zelaian eta zuri-gorriak oso hasarre geratu ziran arbitroaren lanagaz. Sagües Ozcoz jaunak balio barik itxi eban zuri-gorrien gol bat eta ez eban adierazi Guillermori eginiko penalti argia, atezaina gainditu eta baloia sareetara sakatuteko egoala. Hori gitxi balitz, Realaren golaren jokaldian, Kenan Kodroren errematea atepetik atara eban Athleticeko jokalari batek eta marrazaina geldi geratu zan bere lekuan bere ustez baloia ez zalako sartu atean. Arbitroak, ostera, gola adierazo eban. Biribiltzeko, txartel gorria atara eutsan Bingen Arostegi entrenatzaileari. Athleticeko taldeek Zubietan jokatzen daben bakoitzean ez dabe zorterik izaten arbitroekaz.

Zorionak beste bizkaitar biri. Jose Luis Mendilibarri Osasuna zulotik ataraten dagoalako eta Luis Fraduari, Espanyolen harrobiko taldeen ardura hartu dauelako. Zorionak baita, Athleticeko emakumezkoen taldeko jokalariei Superligea irabazteko bidean diralako.