Síguenos en redes sociales:

Heroiak

NIRI Eliza Katolikoaren iritziak mintzeko ere ez didate ematen baina André-Joseph Leonard, Bruselako artzapezpikuak egotzitakoek ezinegon antzeko bat sortu didate oraingoan.

Argitaratu duen elkarrizketa liburu batean IHESA "justizia" egikera moduan definitu du, ez jainko justizia baizik eta, izenondoak baditu bereak, justizia inmanente moduan. Maitasunarekin jolasteak horrelakoetara eraman omen gaitu. To karma katolikoa!

IHESA izanen da, seguru aski, XX. Mendearen eitea hobekien islatu duen gaixotasuna, mendearen izpiritua nabarmen erakutsi duen metafora, haragizko metafora, izan ere. Denok daramagu soinean izan duen estigma, sortu duen eta sor-tzen duen sufrimendua, eragin dituen milaka heriotza.

Eta hori dena VIH birusarekin kutsatutakoak ustez gaiztoak izan direlako. Gaiztoak sexu jardunaren erabilera beregaina egin dutelakoz. Exkaxa gizonaren arrazoibidea, exkaxa Eliza Katolikoaren erreparazio politika, beteko balitz munduko aberats eta kriminal asko eta asko IHESdun beharko luketeelako ja eta, ongi dakigu, izan ez dira.

Leonardi ahantzi zaiona da VIH birusa kausa bizitzari aurre egin dion jende guzti hori; edo IHESaren eraginez, duin ala desesperazioz, hil zirenen adore bipila. Ikusi egin ditugu. Batzuk, Txileko meatzariak bezala, espektakulu izan ziren baina gehienak egunero altxatu eta gaixotasunari aurre egiten diote. Batzuk, botikekin, beste askok, herrialde pobreetakoek, gabe.

Aspaldi utzi nion epikarekin hunkitzeari, inguru honetan gehiegi izan dugulakoz, beharbada. Horretan Txileko meatzarien erreskatearekin bihotz zola xamurtu bazait ere hunkigarriago egiten zaizkit egunerokotasunaren heroikotasunean oinarritutako istorioak. Hortik Leonarden hitzek sortu didaten ezinegona. Zigor justu bihurtzen ditu jende horren sufrimenduak guztiak. Gaixotasunarekin, letra larritan, bizitzea eta hiltzea egokitu zaion jendea bekatari huts bilakatu du horrela duintasun apurrena ere ukatuz. Niretako, aldiz, heroiak dira. Eta heroiek ez dute bekatu egiten.