BULEGOAN nengoen. Telefonoa esku artean hartu eta amari deitu nion. Eskegitzean, honela esan zidan lankideak: Zer dio zure amak? Harrituta, amarekin nengoela nola asmatu zuen galdetu nion, elkarrizketaren zatitxo bat baino ez baitzuen entzun. Lankideak orduan: Ez dut elkarrizketa osoa entzun behar amarekin zaudela jakiteko. Ahotsa aldatu egiten zaizu amarekin hitz egiten duzunean, umeago ematen duzu, nik dakit?

Pentsakor gelditu nintzen. Benetan aldatzen al nuen ahotsa amarekin hitz egitean?

Buruan galdera hori nuela, nagusiak bere bulegora joateko eskatu zidan, mesedez. Bere aurrean eseri eta haren galderei erantzun bitartean, nagusiarekin hitz egitean ere ahotsa aldatzen zitzaidala konturatu nintzen, beste ahots bat erabiltzen nuela. Ez zen lankidearekin erabiltzen nuen berbera. Gogortu egiten zaidala konturatu nintzen, seriotu. Pertsona arduratsu, leial, zintzo baten ahotsa jartzen zait nagusiarekin nagoenean.

Bulegotik irtetetean, bikoteari deitu nion. Egia da, pentsatu nuen orduan. Zapping modukoa egiten dut ahotsarekin. Berarekin hitz egitean ere beste doinu bat nagusitzen da. Ez da amarekin erabiltzen dudana, ez da nagusiarekin ezta lankideekin erabiltzen dudana ere. Konplizitatearen ahotsa irteten zait bikotearekin.

Nortasunik ez dudala onartu behar izan nuen orduan. Edo hobe esanda, ez dudala nortasun bakar bat. Eta galderak baino ez ditut orain buruan. Zein da nire benetako ahotsa?

Amarekin, bikotearekin, nagusiarekin edo lankidearekin erabiltzen dudana? Agian neure buruari hitz egiten dion ahots hori izango da benetakoa den bakarra? Eta inorekin erabiltzen al dut nire benetako barne-ahots hori?

Ahots asko izatea zer da, aberastasuna ala faltsukeriaren seinale? Aktoresa eskasa ala bentrilokuo abila naiz? Niri bakarrik gertatzen zaidan zerbait al da ala zuri ere gertatzen zaizu?