Síguenos en redes sociales:

Zergatik

GERTAEREN sekuentziak dramarako gidoiaren trazak zituen. Gauzak nola zihoazen kontatu zigutenetik, imajinatu genuen amaierarik gordinena, eta tamalez, huraxe nagusitu da. Gero etorri dira errietak eta kexuak, guztiak beranduegi etorri ere, Annapurnan bizitza galdu duen gaztearentzat.

Dramatikoa zen hasieratik, balentria guztiek dutelako atzean dramaren osagaiaren bat edo beste. Zuzenean bizi ahal izan dugu gertatua, eta horrek are latzago bilakatu du amaiera. Iragarritako Heriotzaren Kronika gogoratu dut.

Gerta zitekeela genekien, eta halaxe esaten genion elkarri. Berdin dio hango handitasuna inoiz ikusi ez badugu ere. Berdin dio esfortzua azken muturreraino eramatea bizimodua duten pertsona horiek zein ezpalekoak diren ez badakigu ere. Ikusle garen neurrian, ikusitakoa epaitzeko ahalmena dugu. Hala ohitu gara, dela telezaborreko lehiaketa bati buruz, dela geure ulermenetik kanpora dagoen bizimodu berezi horri buruz ere.

"Zergatik" behin eta berriro en-tzun dut egun hauetan. Zergatik arriskua, zergatik bizitzeari halako mesprezua, zergatik, zergatik.

Ez da erraz ulertzen, baina ahaztu egiten dugu ulertzen ez diren une horiek direla bizitzaren funtsa. Zeren eta, logikak agintzen duen lautadak ustez miretsi ditugun arren, bihozkadez beteriko ur nahasiak bilatzen baititugu bizi-tzan zehar.

Logikak ez luke maitasuna gomendatuko, sufriaraziko zaituen bidean abiatzea dakarrelako nahitaez. Eta hala ere, maitatu egiten dugu, eta maitatuak izateko hartu behar diren arriskuak biziarazten gaitu. Logikak esaten du seme-alabak munduratzea axolagabekeria dela gaur egun, menpeko bihurtuko zaituela, askotariko beldurren esklabo. Eta gehienok arriskatu gara, zer galtzen genuen jakinda. Zergatik?

Amélie filma ederreko pasartea gogoratu dut: bere ametsei zor zion gazteak leialtasuna, eta horrek, agian, ez zuen pertsona normala bihurtzen. Bestela jokatu izan balu, ordea, ez zen pertsona ere izango.