Presoak
ALDERDIEK egunero eta beti, etengabeko kanpaina politikoa egiten dutela ez da gaurko kontu bat. Izan ere politikatik bizi direnek afiliatuengandik edo zergetatik xahutzen dituzten diruak zertan erabiltzen dituzten justifikatu behar dute. Agintari daudenean gobernuak egindako onura eta aurrerapideak, kasu batzuetan herri xeeak ulertzen ez dugun arren. Hain natural (¿?) izan dira aldaketak konturatu ere ez garala egin, apenas batxillerik ere osatu ez duen lehendakari batek esan omen duenez. Etxerako elektrogailuak iragartzen dituen spot bat etorri zait berehala gogora: "Yo no soy tonto". Iragarki hau gailuok edozein preziotan ez erosteko egiten dute, hain zuzen. Benetan merke saldu nahi gaituztela gure agintariek; gerora mundu guztiko turistak dastatu gaitzaten bada ere; enegarrenez eta edonon erabilitako leloa erabiliz.
Lehenago beste batzuk ziran aginte podium horretan eta haiek ere justifikatu behar han eta hemen erabilitako sosak, askotan esplikatu ezina izan arren. Bihotzaren agindu hutsaz egindakoak gero adimenez, hitzez edo zentzuz esplikatzea ez da erraza izaten. Euskaldun edo oinordeko izateak ez duelako besterik adierazten, euskaldun edo oinordeko dela.
Filipinetatik, lehen Madridera eta gero Martutenera, etorritako Larrañaga jaunaren fotoak, bi politikoz babesturik, hiru zutabe betetzen zituen lerro hauek leitzen dituzun egunkarian. Jakina da bi politiko hoiek eta Madrideko beste batzuk kristoren ahaleginak egin dituztela gizon hori, euskalduna haientzat española hauentzat, Asia aldetik bere familiaren ingurura hurbiltzeko. Ekimen txalogarria, preso dagoen bati eman behar zaion babesa den aldetik. Preso bati? Eta, beste askori?
Alderdi politiko bateko mahai nazional osoa espetxean zegoenean, zenbat politiko joan ziran hauekin argazkia egitera? Haratago, inolako juiziorik gabe edo inolako deliturik frogatu gabe ehundaka batzuk dira Espainiako kartzeletan barraiaturik. Konparazioek kristoren arriskua dute baina, nik dakidala, Larrañaga bi neskato hiltzeagaitik kondenatua dago.