Erasoak
NAZIO Batuak Erakundearen idazkari nagusiak, Ban Ki-moonek, datu esanguratsua eman du asteon: emakumeen %70ak eraso fisiko edo sexualen bat jaso du bere bizitzan. T-k diost gehiegizkoa dela. Exajerazioa. T gizona da eta ez du ikusten emakumeok senti-tzen eta ikusten duguna. T kaletik barrena doa lasai, goiz zein gauean. Ez du atari beldurrik. Gaueko ordu txikietan etxera bideko bakardadean ez du alarma txiki bat pizturik eramaten. T-ri ez zaio burutik pasatzen kontatzen dituen txisteek gure barrenetan iraul ditzaketen dena lar dela zenbaitetan. T-k ez daki begirada lizun eta zikinen artean bereizten. T gaur eguneko gizona da, berdintasunaren alde dago eta emakumeenganako sentsibilitate handia du. Zinez diotsut. Baina ez darama emakumeok zuhur jokatzera garamatzan harra. Kontzientzia pizten zaigunetik isiotu egiten zaiguna. Akorduan daukat etxera bidean mutil bat parean jarri zitzaidala iluntze batean. Atzerritarra, Sahara gainekoa. Nik begiratu eta ez nion jaramonik egin. Berak alboan jarraitzen zuen nire bide bera egiten. Begira-begira nuen, zikin. Gelditu egin nintzen eta begira gelditu nintzaion. "Ez duzu konpainiarik nahi?" esan zidan. Ezetz eran-tzun nion eta ibiltzeari ekin nion. Baina berak ondoan jarraitzen zuen. Konturatu nintzen etxera ailegatzen ari nintzela, eta inguruko taberna baten abaroa beharko nuela. Begira segitzen zuen albo-alboan. Gelditu nintzen beste behin ere. Bera mehatxuka hasi zitzaidan orduan. "Zure aurpegiarekin geratu naiz". Nik ere erasokor begiratu nuen. "Neu ere zure aurpegiarekin geratu naiz". Beharbada ez zen erantzunik azkarrena baina hasarrea gailendu zitzaidan. Metro gutxi batzuk segitu zuen nirekin, eta joan egin zen mehatxuka. Urduritu ninduen, bai. Ez da izan nire lehenengo erasoa, eta gustatuko li-tzaidake azkena izango dela esatea, baina nork ziurta dezake horrelakorik? Txikikeria gerta dakizuke, eta T-ri ziurtatu diot ez dela salbuespen. Kontatu dizkiot beste ba-tzuk. Harrituta geratu da. XXI.mendean mendebaldeko herri garatu batean ezin du horrelakorik ametitu.