Ekainean zehar Euskal Herrian hainbat olatu dugu gure aurrean: lehenengoa, pasa den asteburuan San Mamesen izan zen; aitortu behar dut musikaz gozatu nahiago dudala areto txikiagoetan, eta soinu akustikoan baldin bada, askoz hobeto. Halere, Zetak-ek eskaini zigun musika-olatua berez musikaz harago doan ikuskizuna izan zen: euskal kultura erdigunean jarri zuen Pello Reparaz-ek, eta 3 orduz bota zituen mezuak sakonak bezain beharrezkoak direlakoan nago. Globalizazioa nagusi den honetan larunbateko arnasguneak bezalakoak ezinbestekoak bihurtu dira. 

Bigarrena, aste honetan sufritzen ari garen bero-olatua da; antza denez, Afrikatik datorkigun beroa bisita egin digu. Horrelako eguraldi-iragarpena adierazten dutenean Saharako errefuxiatu kanpalekuez akordatzen naiz, zeren han 50 gradu heltzea nahiko ohikoa baita. 

Hirugarren olatua hilaren amaieran etorriko zaigu, eta bigarren olatua bezala Saharatik dator. Ekainaren 30an eta Uztailaren 1ean alkartasun-olatuaz blaituko gara euskaldunok; data horietarako iragarrita dugu haur sahararren helduera. 

Ez gara nekatuko esateaz haur sahararrak nahi ditugula Maroko estatu genozidak inbaditutako Mendebal Saharan ; bien bitartean, uda emango dute familia-harrera euskaldunen etxeetan, eta Sahararen aldeko sarean parte hartzen dugun elkarteok lanean jarraituko dugu harik eta Oporrak Bakean egitasmoa amaitutzat eman arte. 

Bukatzeko, Euskal Herriko Mendebaldetik, Barakaldotik hain zuzen, bi eskertza luzatu nahi ditugu; batetik, gure elkartea Barakaldo Sahararekin Salam izendatu dute Karmenetako txupina botatzeko. Hori dela eta, eskertu nahi diegu gure herrian guganako konfiantza izan duten herriko eragileei ardura eder hori izateko. Bestetik, gorago aipatutako lehenengo musika-olatuan Pello Reparaz-ek San Mamesen saharar herrian erdigunean jarri zuen berriro; ez da lehen aldia izan, ahal duenean Arbizuko artistak presente baitu herri ahaztu hori -horren adibide da aurtengo Korrika kanta-. 

Beraz, milesker Pello. Segi dezagun euskara eta gure kultura bultzatzen inolako konplexurik gabe; eta oihu egin dezagun lau haizetara Gora Herriak!!!