Síguenos en redes sociales:

Guggenheim, lotsagarri

Guggenheimen ospatzen den Art After Dark jaialdira joan ginen lagunak bariku gauez. Honela zihoen leloak: "Bisitatu erakusketak nazioarteko DJ onenen musika entzuten duzun bitartean". Special Edition gaua zen gainera museoaren hamabosgarren urteurrena zela-eta, kartel bereziki erakargarria eskainiz: Capsula eta Arizona Babyren kontzertuak; Chema Rey, Javier Vielba, Johann Wald, Madel, Hernandez eta James Holden kabinetan; eta hau gutxi balitz, David Hockneyren atzera begirakoa.

Plan biribila zen bariku gauerako, baina biribilagoa nahi zuten, antza, Guggenheimeko diruzainek. Zenbat sarrera jarri zuten salmentan beraiek jakingo dute, baina han egon ginenok hauxe da ahaztuko ez duguna: Capsularen kontzertuaren ostean Guggenheim barrura sarrera debekatua, 200 lagun ingururen pilaketa itogarria ordu erdi luzez, segurtasun langileen bultzadak, botila eta katxi jaurtiketak bultzadei erantzunez, txistuak, irainak? eta behin barrura sartuta, Hockneyren erakusketara sarrera debekatua. Zer gustu txarreko txantxa da hau? "Ito zaitez jendetza artean erakusketa usaindu ere egiten ez duzun bitartean, aldez aurretik sarrera pagatuta, noski". Hori behar luke AADren leloak. Zinez eta minez: Guggenheim, lotsagarri.