Leioa hedadura handiko herria dugu, 20 auzoetan zehar barreiatutako 30.000 lagunez osatutakoa; herriak aurrerapausu ederrak eman ditu urte batzuetatik hona eta Udaletxetik on-egindako lanaren ordainak orain jasotzen ari gara herritarrok: transformazioa ikaragarria izan da, baita orekatua ere, Peruritik Txopoetara, Ibaiondotik Sarrienara edota Santi Mamitik Pinuetara. Bilakaera horren lekuko, Udalak atera berri duen liburua, alegia: Leioa zure bizitzaren inguruan-Leioa en el centro de tu vida, non progresio horren isla ematen den doan postontzitutako aipaturiko liburuan.
Baina Leioako PSE-EEk, gauden egoera aurreelektoralaz baliatuz, euren kritikarik zorrotzenak azaleratu dizkio liburuari, diruaren xahupen bat eman dela argudiatuz: nire uste apalean behintzat, ondo eginen lukete bere alderdi propioren akatsak ikusiko balituzte, horra hor, hurrenez hurren, bukatu berri den erosketa-txekeen kanpaina, 500.000 euroko kostearekin, edo orain dela 2 urteko hauteskunde autonomikoetan Patxi Lopez lehendakariak bere argazkia, marko eta guzti, bidali egin izana hainbat agenteri, horrek suposatu zuen gastuarekin... baina, badakizue, errementariaren etxean zotza burduntzi.