Egun berezia izan zan domekakoa San Mamesen. Sentipen kontrajarriek talka egin eben 2025-26 denporaldiko azken partiduan. Alde batetik, zale askok euren hasarrea erakutsi gura eben taldeak urtean zehar egindako lan makalagaitik. Bestetik, ondo merezitako agurra eskaini gura eutsien Ernesto Valverderi eta Iñigo Lekueri. Egia esateko, txistu batzuk entzun baziran be oso giro ona egon zan domekan Katedralean eta entrenatzailea zein jokalaria agurtzeko antolatutako ekitaldiak oso politak izan ziran.

Denporaldia amaitu da, zorionez, talde zuri-gorriarentzat. Datorren zapatuan liga txapelketako azken partidua jokatuko dau Valverderen taldeak Real Madriden aurka Santiago Bernabeun baina jokoan egongo diran hiru puntuek ez daukie baliorik lehiakideentzat. Aurreko baten esan neban lez, Athletic Europarako sailkatzea benetako miraria izango zan, zuri-gorrien joko maila eskasa ikusita. Egia esateko, esango neuke denporaldia hogeta hamaseigarren jardunaldian amaitu zala, Gironak etxean jokatu eban partidua bardindu eta Athleticek matematikoki maileari eustea lortu ebanean. Gauzak holan, Celtaren aurkako partidurako helburu nagusia ez zan Europarako sailkatzeko aukerei eustea, denporaldi negargarriari amaiera duina emotea baino.

Valverdek ez eban ezer aldatu bere planteamentuan talde galiziarrari aurre egiteko, eta lesionaturik dagozan Oihan Sancet eta Nico Williams kenduta, bere betiko hamaikakoa zelairatu eban. Barriro be, aurkariak etekin bikaina atara eutson zuri-gorriek egindako hutsari eta markagailuan aurretik ipintea lortu eben laugarren minuturako, gero, partiduan zehar, Unai Simonen atera jaurti be egin ez eben arren. Denporaldian zehar sarritan ikusi dogun pelikulea.

Zuri-gorriek aukera garbiak euki ebezan bardinketaren gola sartzeko, Unai Gomezen eskutik, baina Celtaren atezainak desbideratu egin ebazan erremate biak. Valverdek kendu egin eban bermeotarra atsedenaldian Navarro zelairatzeko, lehen zatian taldeko jokalaria ariskutsuena izan bazan be.

Zuri-gorriek bizi ekin eutsoen bigarren zatiari eta lehen zatian negargarri ibili zan Iñaki Williamsen eskutik iritsi zan bardinketaren gola. Ganera, kapitainak beste aukera garbi bi euki ebazan bigarrena sartzeko. Azkenean, zuri-gorrien ekinak ez eban saririk jaso. Halandabe, Celtaren aurkako partiduaren bigarren zatian ikusi genduan Athletic aspaldiko onena izan zan. Egia esateko, listoia oso baju egoan.

Ernesto Valverdek ez dau sekula ahaztuko atzoko eguna. Izan be, ez da barriro jesarriko Katedraleko aulkian. Eta guk ez dogu sekula ahaztuko Ernesto Valverde. Batera debutatu genduan. Berak Athleticen eta nik Euskaldunon Egunkarian eta bidelagun izan dogu Athleticen aulkian egin dituen hamar denporaldietan. Entrenatzaile lez ez dau behar azalpen handirik, gauza ederrak egin ditu-eta talde zuri-gorriagaz zein Bartzelonan edo Olympiakosen. Giza mailan, Ernesto Valverde Tejedor eredugarria da. Pertsona apala, zintzoa, edozein protagonismotik ihes egiten dauena. Ez da erraza izango itxiko dauen hutsunea betetea. Batzuk dinoe Athleticek inoiz euki dauen entrenatzaile onena dala. Ezin dot hori baieztatu, tekniko asko ez ditut ezagutu-eta. Hori bai, garbi daukat Ernestok beste inork baino hobeto zabaldu dituela Athleticen betiko baloreak San Mameseko aulkian emon dituen hamar denporaldietan. Faltan botako zaitugu Txingurri. Benetako plazerra izan da zeugaz behar egitea.