Garrantzi handiko garaipena eskuratu eban Athleticek Mallorcaren aurka, gura baino gehiago sufridu arren. Ernesto Valverdek argi eta garbi esan eban -partiduaren aurretik eta ostean- hiru puntuak eskuratzea ezinbestekoa zala, aurretik pilatutako emaitza txarrek eragindako zamea lepo ganetik kentzeko lehenbailehen. Arestian esan bezala, uste eta gura baino gehiago sufridu eben zuri-gorriek Jagoba Arrasateren taldea menderatzeko. Edozelan be, sufrimendu hori gol bakar bateko aldea izateak eragin eban -Samu Costak txiripaz gola sartu eban arte behintzat- eta ez aurkariak Unai Simonen ate aurrean egindakoak. Izan be, Athleticek partidua kontrolpean euki eban ia minutu guztietan, norgehiagokak aurrera egin ahala erasoan erakutsitako errendimenduak beherakada nabarmena euki eban arren. Hala edo holan, Athleticek garaipena lortu eban eta sailkapeneko goialdean dago kokatuta, hirugarren sailkatutik hiru puntura bakarrik. Hori azpimarratu gura dot ze oso giro ezkorra nabaritzen dot zaleen artean zortzi jardunaldi bakarrik jokatu diranean. Egia da, zuri-gorrien denporaldi hasierea uste baino makalagoa izan dala. Halandabe, ezin daiteke esan txarra izan danik.
Eta taldeak orain arte egindakoaren ganeko edozein azterketan ezin dogu ahaztu lesinoek eragindako kaltea. Sancet, Berenguer eta Nico Williams barik ekin eutson Athleticek Mallorcaren aurkako partiduari. Hiru jokalari horreek sekulako garrantzia daukie zuri-gorrien erasoko jokoan eta Valverdek urtenbide barriak bilatu behar izan ditu -Guruzeta erdi puntan ipini- hareen hutsuneak beteteko. Nico Williamsek hilabete egin dau jokatu barik. Sancet bere maila onenatik urrun ibili da lesino baten ostean berragertuta eta Berenguer lesionatu egin da ondo jokatzen hasita egoanean. Honeri guztiari gehitu behar deutsagu, Iñaki Williams oso makal dabilela, aurkariaren atzealdean min egin ezinik. Halanda ze, normala da taldeak arazoak izatea aurrealdean. Edozelan be, eta taldearen errendimenduak gora behera handiak izan baditu ere, lehiatu egin da partidu guztietan. Ez dau erredikulurik egin ligan, ezta Arsenal eta Borussia Dortmunden aurka be. Taldeak zer hobetu asko daukala onartuta eta taldearen inguruan dagoan giro ezkorra ikusita, baikortasunaren aldeko apostua egin gura dot. Atsedenaldiaren ostean Nico Williams, Sancet, Berenguer eta Iñaki Williams berreskuratuta, seguru nago taldeak gorantz egingo dauela. Ganera, Robert Navarrok eta Guruzetak aurrerapausu bat emon dabe azken partidu bietan, Dortmunden eta Mallorcaren aurka San Mamesen. Nafarra oso jokalari bertikala da. Atzelariaren bila doa eten barik eta laban zorrotza da hegaletik. Erdialdean, Jauregizar eta Iñigo Ruiz de Galarreta maila onean ari dira eta Alejandro Rego ederto erantzuten jabilko entrenatzaileak emondako konfiantzeari. Atzealdeari jagokonez, Vivian eta enparauak oso sendo badabilz be, Simonek gol arraro gehiegi jaso ditu orain arte. Adibidez, Alaves edota Mallorcaren aurka jasotakoak. Osagarri guztiak lapikoan sartuta, baikor egoteko arrazoiak dagozala uste dot.
Arraunketa mundura jauzi eginez, oso erabagi ausarta Isuntza Arraun Elkarteak hartutakoa datorren deporaldirako. Lekeitiarrek Markel Akarregi Bengoetxearen aldeko apostua egin dabe Osertz Aldai ordezkatu eta trainerua zuzentzeko. Honen lehenengo aldia izango da entrenatzaile lez senior mailako ekipo baten, Isuntzako behe mailetan aritu ondoren. Harrobiaren alde egiteko, zer hobeto etxeko entrenatzaile bat baino. Suerterik onenak Markel!. l