Athleticek oso emaitza txarrak lortu ditu irailean jokatu dituen bost partiduetan. Oso hilabete makala izan da. Zuri-gorriek puntu bakarra eskuratu dabe liga txapelketako lau jardunalditan, gol bakarra sartuta ganera, Txapeldunen LiganArsenalen aurka San Mamesen jokatu eta galdutako partidua ahaztu barik. Ligako sailkapenera begiratuta, baina, Valverderen taldea erdialdiean kokatuta dago, leku lasaiean, lehen hiru jardunaldietan lortutako garaipenei esker. Bere historiako hasierarik onena egiteko zorian egon ostean, bost partiduko bolada txarrean sartu da ekipoa. Halan ba, Athletic zaleak ez daki oso ondo lasaitasunari eutsi behar deutson ala kezkatzen hasi behar dan taldea azken asteetan lortzen dabilen emaitza txarren aurrean.
Behin baino gehiagotan nabarmendu dogu Athleticek arazo bat daukala gol aukerak gauzatzeko orduan. Begi bistakoa da. Azken partiduetako estatistikak ikustea besterik ez dago. Zuri-gorriak nagusi dira zelaiaren lehen hiru-laurenetan baina ez dabe zorroztasunik erakusten azken metroetan, aurkariaren ate aurrean hain zuzen. Valverderen gizonak baldar, trakets agertzen dira baloiak sareetara bialtzeko orduan. Harrigarria da, zuri-gorrien zenbat erremate, jaurtiketa eta erdiraketa ahalegin, atera baino, aurkarien gorputz, hanka edota oinetara doazen. Futbolean, jakina, bere gol aukerak alperrik galtzen dauzan taldeari ordaina etorten jako bueltan. Athletici Mestallan eta La Ceramican gertau jako. Jaun ta jabe lehen zatian, gol aukerak gauzatu bez eta galdu bigarren zatian.
Holako bolada txarrak gertatzen diranean, suerteak be, bere garrantzia eukiten dau. Esatebaterako, Vila-realen jokatutako azken partiduan Alejandro Rego gazteak areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikaina zentimetro batzuk beherago joan izan balitz, Athleticek ondo merezitako puntua eskuratuko eban. Zoritxarrez, ostera, langan jo eban. Beste alde batetik, Valverdek gizon garrantzitsuak galdu dauz lesinoen eraginez. Esan beharrik be ez dago, Nico Williamsen hutsunea biziki igarten dabilela, plantilako jokalaririk zorrotzena da-eta. Erpekada solte bategaz, partiduaren norabidea goitik behera aldatu leike. Beñat Pradosen lesino larriak mugatu egin ditu entrenatzailearen aukerak zelai-erdirako Jauregizar eta Ruiz de Galarretaren kalterako, minutu gehiegi jokatzen dabilz-eta. Ganera, Vesga be apurtu egin da eta Berenguer kili kolo dabil behatz bategaz. Horreri danarik gehitu behar deutsogu, Iñaki Williams eta Oihan Sancet ez dabilzala euren maila onena emoten.
Ez dakit zelan konponduko dauen Valverdek zelai erdian daukan arazoa -Jauregizarrek eta Galarretak ezin ditue minutu guztiak jokatu- baina Unai Gomez aukera ona litzatekeela uste dot. Lehen taldean aurrelariaren atzetik edo ezker hegaletik jokatu arren, bermeotarrak euskarri lez jokatu izan dau beheko mailetan. Bilbao Athleticen bertan be bai.
Athletic zale batzuk kezkatzen hasita badagoz be, botilea erdi beterik ikusteko arrazoiak dagozala uste dot. Lehenengo ta behin, talde honek ondo merezitako sinesgarritasuna irabazi dau azken denporaldi bietan, Valverderen aginduetara. Beste alde batetik, Athleticek La Cartujan, Mestallan lehen zatian eta La Ceramica estadioan lehen zatian erakutsitako joko bikaina ikusita -Arsenalen aurka be oso partidu duina jokatu eban- ez dago ezkor egoteko motiborik. Hori bai, bolada txarrari lehenbailehen emon behar jako amaierea, edur bolea handiegia egin ez daiten. Luis Prieto, prestatzaile fisikoaren lana kritikatzea, ez jakintasunetik, ganera, miserablea da. l