Ez dakit zenbat kilometro korridu dauzan Athleticeko jokalari bakotxak orain arte jokatutako partiduetan. Ezta zenbat bider jaurti daben aurkariaren atera, be. Dakidan gauza bakarra da, Valverderen ekipoak arazo itzelak dituela gol aukerak sortzeko eta golak sartzeko. Futbola oso sinplea da, aspaldiko urteetan entrenamentuetan baloiak baino ordenagailu gehiago egon arren. Futbol partidu bat irabazteko aurkariak baino gol gehiago sartu behar dira eta garbi ikusten gabilz zuri-gorriek ez dabilzala zorrotz aurkariaren ate aurrean. Hortxe dagoz azken hiru partiduetako datuak. Zero puntu eta zero gol Alaves, Arsenal eta Valentziaren aurkako lehietan. Houston, arazo bat daukagu.

Datuak hotzak dira. Egia esateko, azken hiru partiduetan gertatutakoa ondo aztertuta, garbi esan geinke zuri-gorriek zigor handiegiak jaso dabezala. Alavesen aurka ez eben meriturik egin hiru puntuak eskuratzeko, oso gauza gitxi egin ebelako aurkariaren ate aurrean. Talde arabarrari be berea emon behar jako, Athleticen erasoko jokoa itotea lortu eban-eta. Bapeznako partidua zan. Arsenalen aurka partidu duina egin arren, ia jaurti be ez eban egin Rayaren atera. Mestallan, zuri-gorriak goitik behera nagusitu ziran lehenengo zatian baina ez ziran Agirrezabalaren atea zula-tzeko gauza izan, atezainak erantzun bikaina emon eutsoelako Sancet eta Iñaki Williamsen erremateei. Athletic Valentzia baino gehiago izan zan Vivianek txartel gorria ikusi eban arte. Arazoa da, zuri-gorrien nagusitasun horrek ez daukala islarik markagailuan, ez dabelako golik sartzen. Argi eta garbi. Golik sartu barik ez dago partidurik irabazterik. Futbola asmatuta dago.

Valverdek inork baino garbiago ikusten dau bere taldearen gabezia. Lau jokalari ezbardin erabili ditu aurrealdean, Maroan, Guruzeta, Berenguer eta Iñaki Williams eta emaitzak ez dira onak izan. Esan beharrik ez dago, taldea biziki igarten dabilela Nico Williamsen hutsunea, bera da-eta taldeko jokalaririk zorrotzena ezelango zalantza barik. Gora beherak izaten ditu bere errendimenduan baina erpekada bi nahikoak ditu bere taldea aurretik ipinteko markagailuan.

Hasieran esan dot ez dakidala zenbat kilometro egin dituen Iñaki Williamsek baina garbi daukat asko eta asko izan dirala, lan ikaragarria egiten dau-eta. Hori bai, ez dabil bape fin baloia oinetan daukanean. Ez dau minik egiten eta ez dau arriskurik sor-tzen ez dalako gauza aurkariak gainditzeko. Ganera, gola sartzeko amorru horrek itsutu egiten dau sarritan. Oihan Sanceten eskutik iritsi ziran zuri-gorrien gol aukera garbienak zapatuan Mestallan. Halandabe, nafarra ez dabil fin eta taldeak igarri egiten dau. Athleticek Sancet onena behar dau. Erasoko jokalarien artean, Berenguer da mailarik onena emoten dabilena, Robert Navarro, Maroan Sannadi eta Guruzetaren ekarpena oso makala izaten ari da-eta. Aurrelariena, bolada kontua izaten dala dinoe. Itxaron daigun gol siketea lehenbailehen amaitzea eta gaur berton bada, hobeto.

Gol eskasiak kezkea sortzen badau be, ezin geinke esan taldearen errendimendua txarra danik. Valverderen taldeak duintasunez egin eutson aurre Arsenali txapeldunen ligako partiduan eta Mestallan aurkaria baino gehiago izan zan txartel gorriaren jokaldira arte. Sailkapenera begiratzen badogu, ganera, Athletic zazpigarren dago, hirugarren sailkatutik puntu bakar batera. Zuri-gorriek aukera ederra daukie gaur bolada txarrari amaierea emoteko.