EZ da ezustekorik egon aurten Kontxako Banderan eta traineru indartsuenak nagusitu dira, Orio eta Arraun Lagunak, denporaldiko estropada gehienetan lez. Gizonezkoen lehen jardunaldiko estropadan gertatutakoak –hamar ehuneneko bakarrik traineru biren artean eta sei segundora hirugarren bat- emozinoa biztu eban bigarren domekarako. Izan be, faborito nagusia azkarrena izan bazan be, hasiera baten uste baino hurrago euki ebazan Bizkaiko traineru biak, Zierbena batez be. Aste guztia emon genduan egurakdiaren iragarpenari begira, bigarren jardunaldian Donostiako badia zein baldintzatan egongo zan jakiteko, lehen domekako estropadea itsaso baretan jokatu ostean. Ipar mendebaldeko hondoko itsasoak metro ta erdi inguruko olatuak eragin baebazan be, estropada eremua nahiko garbi egon zan eta haizeak be baretzera egin eban. Itsasoak ez euskun emon bigarren domekarako eskatzen geuntsona eta traineru indartsuenak ez eban oztopo handiegirik izan aurkariak menderatu eta banderea eskuratzeko. Horregaz ez dot esan gura, itsaso txarra egon izan balitz Oriok ez ebala irabaziko. Seguruenik, estropadea traineru horiak irabaziko eban oso itsaso txarra egonda be, patroi onena daukie barruan-eta. Halandabe, baldintza okerretan ezustekoren bat egoteko aukerak biderkatu egingo ziran. Itsasoaren egoereari erreparatuta, denporaldi honetako estropada ia guztiak ur baretan jokatu dira. Haizea eta olatuak faltan bota doguz.
Arestian esan bezala, lehen jardunaldian gertatutakoak zabalik itxi eban ezustekorako leihoa, faborito nagusiak gane-ganean eukazalako beste traineru bi eta, jakina, estropada bakar baten eta Kontxan edozer gertatu daiteke. Orio zaleak kenduta, ganerako guztiak gura genduan Gorka Aranberrik zuzentzen dauen traineruari kalerik txarrena tokatzea zozketan, ezustekorako aukerak ugaritzeko. Domekako estropadak, baina, garbi erakutsi deusku oso gatxa dala asmatzea zein dan kalerik onena eta zein txarrena Donostiako badian, baldintzak asko aldatzen dira-eta egun batetik bestera. Datu bat: Kontxako banderaren bigarren jardunaldian jokatu ziran lau estropadetatik, hirutan, lehen kaletik –inork gura ez dauenetik– lehiatu ziran irabazleak, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Getaria. Gizonezkoen txanda nagusiko garailea, Orio, bigarren kaletik aritu zan.
Kontuak kontu, estropada eremu ordenatu baten eta kale arteko alde handi barik, Oriok minutu gitxi behar izan ebazan erakusteko ez ebala galduko bere historiako hogeta hamahirugarren Kontxa irabazteko aukerea. Zierbena, Bermeo eta Donostiarra ez ziran gauza izan traineru horiak ezarritako erritmo itogarriari erantzuteko, denporaldiko estropada askotan gertatu dan lez.
Talde galipoak inoiz baino hurrago euki eban bere historiako lehen garaipena eskuratzea Kontxan baina bidean geratu da, aurrean aurkari handia euki dauelako. Urdax Anteparak estropadea amaitu ostean esan eban legez, galipoentzat gatxa da bigarren sailkatu izanari garrantzia emotea, banderearen bila abiatu ostean. Halandabe, Zierbenak sekulako lana egin dau Kontxan denporaldi bikain baten barruan.
Bermeoko traineruari jagokonez, oso maila txukuna emon dau Donostian denporaldi gora-beheratsu baten ostean. Uda erdian inork ez eban txakur txikirik emoten Salsamendiren taldearen alde eta edoizen zalek sinatuko eban hirugarren egitea Kontxan, bigarren jardunaldira bizirik helduta ganera. Isuntzarena denporaldi historikoa da. Zazpigarren Eusko Label Ligan, maileari eusteko arazo barik eta Kontxarako sailkatu hogeta sei urteko siketearen ostean. Ganera, lehen jardunaldian azken postuan amaitu arren, lekeitiarrek estropada bikaina egin eben bigarrengoan Hondarribia eta San Juan menderatuta. l