Athletic galtzaile izatea Santiago Bernabeun ez da kontu barria. Azken urteetako estadistikak ikusita –2005ean lortu eban azken garaipena– gauza normala da talde zuri-gorria esku hutsik itzultzea Bilbora Real Madriden zelaian jokatu ostean. Beraz, ez gaitu ezustean harrapau Valverderen taldeak galdu izanak. Kontua da, zuri-gorriek esku-eskuan euki ebela urrezko puntu bat eskuratzeko aukerea. Sari ederra izango zan partidu osoan bere atea defenditzen lan ikaragarria egin eben jokalarientzat. Halandabe, partidu bat gitxiago geratzen da liga txapelketea amaitzeko eta zuri-gorriek eutsi egiten deutsoe sailkapeneko laugarren postuari. Ganera, atzetik datorren Vila-realek be ez eban garaipena lortzerik izan etxean Realaren aurka jokatutako partiduan.
Partiduaren amaierea krudela izan bazan be, autortu behar dogu inor gitxik uste ebala Athletic zer edo zer lortzeko gauza izango zanik Santiago Bernabeuko partiduan, are gitxiago Valverdek zelairatutako hamaikakoa ikusita. Entrenatzaileak atsedena emon eutsien Rangersen aurkako partiduan parte hartu eben jokalari guztiei –normala dan moduan–, Berenguerri izan ezik, eta hasierako hamaikakoan sartu ebazan denporaldi honetan minutu gitxien jokatu daben gizonak. Ganera, ulertuezina bada be, zuri-gorriek beste partidu bat jokatuko dabe bihar Las Palmasen aurka San Mamesen, eta norgehiagoka bien artean aukeratzekotan, normala da Valverdek biharkoan ipintea bere arma guztiak, Santiago Bernabeun punturen bat eskuratzeko aukerak murriztuta bada be.
Beste alde batetik, Real Madridentzat ezinbestekoa zan garaipena eskuratzea Athleticen aurkako partiduan. Alde batetik, liga txapelketea irabazteko lehian bizirik segidu ahal izateko –Bartzelona lau puntu aurretik dauka sailkapenean eta Montjuicen jokatu behar dabe– eta, bestetik, Txapeldunen Ligan kanporatuta geratu ostean, giroa nabarmen garraztu dalako Santiago Bernabeun. Arestian esan bezala, merengeen irabazteko premia horri, Valverdek zelairatutako hamaikakoa gehituta, inork ez eban txakur txikirik be emoten zuri-gorrien alde koliseo zurian.
Ba erratuta gengozan, partidua ez zan joan-eta guk uste genduan bidetik. Athleticek uko egin eutson bere betiko jokatzeko ereari eta autobusa ipini eban Unai Simonen ate aurrean. Zuri-gorrien jarduna ikusita, Javier Clemente entrenatzailea zaneko partiduak etorri jakuzan gogora. Valverderen gizonek ez eben aurkaria presionatzen haren zelaian baloia lehenbailehen berreskuratzeko asmoagaz partidu ia guztietan egiten dauen legez, ez. Itxaron egiten eutson atzealdean ondo ordenatuta. Eta Valverderen estrategia aldaketea erangikorra izan zan, Real Madridek ez eban-eta gol aukera garbirik izan lehen zati osoan, Viniciusek Gorosabel zoratu arren. Arazoa, zuri-gorriek baloia oinetan eukenean etorren, berreskuratu ahala galdu egiten eben-eta. Baina hori aurreikusita egoan gidoian.
Bigarren zatian, Real Madridek beste martxa bat sartu eutson partiduari lehenengoan oinez jokatzen ibili ostean, eta gol aukera garbiak sortzen hasi zan. Zurien nagusitasuna erabatekoa izan arren, zuri-gorriek eutsi egin eutsoen golik jaso barik. Bernabeun, baina, eta beti esaten doten lez, partiduak oso luzeak izaten dira eta larogeta hamahirugarren minutuan kareletik behera joan ziran zuri-gorrien itxaropen guztiak, baloia areatik urruntzeko ahalegin ustel baten ostean. Ze erreza dan, batzurentzat behintzat, Vesgalako jokalari bat jipoitzea.
Kontuak kontu, ez deutsagu buelta handirik emon behar Bernabeun gertatutakoari. Garrantzitsuena orain Las Palmas menderatzea da biharko partiduan San Mamesen, handik aurrera Manchester Uniteden aurkako kanporaketearen joaneko partidua ondo prestatzen hasteko. Onena etorteko dago.