Jardunaldi bat gitxiago geratzen da liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek beste puntu bateko aldea lortu dau sailkapenean atzetik datortson taldearekiko. Horixe da Athleticek eta Mallorcak domekan San Mamesen jokatu eben partidutik atera geinken ondoriorik positiboena. Ez eban partidu ona jokatu Valverderen taldeak, besteak beste, aurkariak ez eutsolako itxi. Athleticeko entrenatzaileak sarritan gogoratzen dau aurkariak be jokatu egiten dauela eta Jagoba Arrasatek zuzentzen dauen edozein talde aurkari gogorra bezain deserosoa da, beti, zuri-gorrientzat. Berrituarrak ondo ezagutzen dau Athletic eta badaki zelan jokatu haren erasoko jokoa desaktibatzeko. Arrasatek berak nabarmendu eban partiduaren minutu gehienetan Mallorcak gura eban jokora jokatu zala. Maffeo, Raillo, Copete, Samu Costa eta enparauek aginka egiten dabe bedartzan. Horregaz batera, maisuak dira aurkariaren jokoa eten eta denpora galtzeko orduan. Hori be futbola ei da. Unai Simonek ez eban ia lanik euki partidu osoan, Mallorcak ez eban-eta arriskurik sortu haren ate aurrean. Balearetako taldeak, baina, markagailuan aurreratzea lortu eban zuri-gorrien atera egin eban lehen jaurtiketan eta handik minutu gitxira –Athleticek partidua bardintzea lortu ostean- garaipenaren gola sartzeko aukera bikaina alperrik galdu eban Samu Costak. Kontuak kontu, lortutako puntoa ontzat emon behar da.
Arrisku handiko norgehiagokea zan Mallorcaren aurkakoa, besteak beste, Europako Ligako final zortzirenetako kanporaketako partidu bien artean jokatu behar zalako, horrek suposatzen dauen guztiagaz. Batetik, zuri-gorriak intensidade handiko lehia jokatzetik etozelako eguenean Erromako estadio olinpikoan eta bestetik Valverde begi bategaz etzi San Mamesen jokatuko dan finalera begira egoalako. Halanda ze, Vivian, Galarreta, Sancet, Iñaki Williams, De Marcos eta Yuri barik, taldearen bizkar hazurra osotzen daben sei jokalari barik ekin eutson Athleticek Mallorcaren aurkako lehiari. Eta jakina, igarri egin zan, zuri-gorrien erasoko jokoan batez be. Izan be, Valverderenek ez eben jaurti be egin Mallorcaren atera lehen zati osoan. Estadistika hori ez da bape normala San Mamesen, zuri-gorriek gol aukera ugari sortzen ditue-eta.
Unai Simon erdi aspertuta egoala –berrogeta hamasei minutu ia baloia ikusi eta ikutu barik– bisitarien gola iritsi zan. Zorionez, Athleticek azkar erantzun eban jasotako kolpeari, Nico Williamsek sartutako golari esker. Valverdek zugatza astindu eban garaipenaren golaren bila baina ez eban helburua bete. Kontuak kontu, partidua zelan joan zan ikusita eta zelaian falta ziran jokalariak kontutan eukita, ontzat emon behar da Mallorcaren aurka lortutako puntua.
2025eko lehen finala jokatuko dau Athleticek eguenean San Mamesen Erromaren aurka. Ordurako itxaron daigun Oihan Sancet jokatzeko moduan egotea. Partidu ederra bezain gogorra izango da Claudio Ranieriren taldearen aurkakoa. Benetako finala, irabazi ezean eguenean bertan amaituko litzatekeelako zuri-gorrien ibilaldia Europan. Esan beharrik be ez dago, Athleticen bersinorik onena ikusi beharko dogula bedartzan kanporaketea iraultzeko aukerak izateko. Eta helburu horregaz, ezinbestekoa izango da San Mamesen bildutako zaleek bat eginik jardutea. Katedralean bizi dan giroa jasangatxa da. Minutu askotan ixiltasun mingarria dago eta beste askotan zaleen arteko gatazka negargarria, aurkarien mesederako. Eguenean ezin da horrelarik gertatu. Ulertuezina izango litzateke.