Arraunketaz gozatzeko aukera ederra eskeini euskun Euskadiko traineru txapelketak. Ez zan emozino handirik izan, baina, Bermeok eta Arraun Lagunakek nagusitasun handia erakutsita irabazi eben-eta. Edozelan be, estropada bikainak ikusteko aukerea euki genduan, itsasoaren indarra gordintasunez agertu jakun-eta. Askok esango dabe, hain baldin-tza gogorretan jokatutako estropada batetik ezin dala ondorio sendorik atara, haizeak eta olatuek gehiegi baldintzatu dabelako arraunlarien jarduna. Estropada eremuaren egoerea, baina, bardina edo oso antzekoa izan da lehiakide guztientzako eta batzuk bikain moldatu diran bitartean, beste batzuk ezinean ibili dira. Ez dot esango estropada guztiak baldintza horreetan jokatzea gura dotenik, ez, baina noizean behin traineruak olatu artean lehiatzen ikustea aberasgarria bezain ederra dala uste dot.

Faboritotasuna indartuta

Domekan Donostian jokatutako estropadak garbi erakutsi deusku Bermeoko trainerua indartsu dabilela denporaldi hasiera honetan eta berretsi egin deusku faborito nagusia dala Eusko Label Ligarako. Datuak hortxe dagoz: minutu erditik gorako aldea kendu deutso bigarrenari, Zierbenari, eta minututik gorakoa ganerako traineru guztiei. Nabarmentzekoa da, Hondarribiari, ustez aurkari zuzena izango dan traineruari, minutu eta bederatzi segundu kendu izana ontzi biak batera eta alkarren alboan arituta. Zierbenak eutsi egin eutson Bermeori estropadearen lehen zatian baina amore emon eban bigarrengoan, minutu erditik gora galdu arte.

Bou Bizkaia azkarrena izan da brankaz zein popadan, Gorka Aranberrik bikain zuzenduta. Patroi zarauztarrak erakustaldia emon eban barriro be Donostiako badiko olatuen artean, Kontxako banderako estropadetan sarritan egin izan dauen moduan. Bermeoko traineruko arraunlariek gozatu ederra hartu eben azken luzean olatu artean olgetan. Kontuak kontu, Bermeoko traineruaren faboritotasunak indartuta urten dau Euskadiko txapelketatik.

Arestian esan doten lez, traineru batzuk ez deutsoe garrantzi handiegirik emongo Donostian gertatutakoari estropada eremuko baldintzak muturrekoak zirala argudiatuta. Beste batzuk, ostera, indarbarrituta urtengo dabe. Lekittarrarena da adibiderik onena. Isuntza arraun elkartekoek ikaratsu ekin eutsoen estropadeari, erritmo motelean, eta denporarik txarrena egin eben ziabogan. Ontzia popadan ipini eta gauzak aldatzen hasi ziran. Arraunlariak gustora ebilzan olatu artean Iñaki Goikoetxea Saguak abileziaz zuzenduta eta apurka apurka aurkariei segunduak kentzen hasi ziran. Hirugarren luzean, brankaz, laugarren denporarik onena egin ostean, Isuntzako mutilek sinestu egin eben euren aukeretan eta hegaz egin eben azken luzean sailkapeneko laugarren postua eskuratzeko. Brontzezko dominea hiru segundura geratu jaken. Edozelan be, Euskadiko txapelketan egindako lan bikaina bultzada ederra da lekeitiarrentzat. Eta zer esan Saguaren lanari buruz. Hogeta hamar urte daroaz bere herriko trainerua zuzentzen. Ez dau ez Kontxarik ez Ligarik irabazi baina goi mailako patroia da. Domekan be maisutasunez zuzendu eban Lekittarra Donostiako badiako olatuen artean. Domekakoa ez zan egun aproposa izan Ondarroarentzat, ezbeharrak baino ez ebazan euki-eta.

Emakumezkoetan, azpimarratzekoa da Kaikuk egindako lan ona, azkenean deskalifikatu egin eben arren helmugako balizea estriborretik itxi ebalako. Sestaoarrak izan ziran onenak ETEligako traineruen artean eta atzetik itxi eben Tolosaldea, Euskotren Ligako ekipoa.