Mallorcari irabazi eta kopea eskuratu ostean eskerrak emon neutsazan Athleticeko jokalari, tekniko eta ganerakoei egun zoragarriak bizitzeko aukerea emon euskuelako. Aurreko eguenean be egun ederra bizi izan genduan, gabarrea errekan gora ikusita ertzetan milaka eta milaka zale egozala. Egun gogoangarria hori be. Baina sentimendu gozoen uholdeak ezin dau ezkutau Bilboko udaletxearen balkoian entzundakoak eragindako mina eta hasarrea. Mikrofonoari heldu eutsoenek mila berba esan baebezan, gitxi batzuk baino ez ziran izan euskeraz. Beste era batera esanda, gaztelerea jaun eta jabe izan zan Athleticeko jokalarien agerraldian. Euskerearen erabilerea, ostera, testimoniala besterik ez zan izan, Asier Villalibrek esan eban lez, Euskal Herriaren eta Athleticen oinarrietarikoa izan arren. Athletic zale askok eta askok minduta amaitu genduan Gabarra eguna, geure hizkuntzea gitxietsita ikusi gendualako.

Nire uste apalean, Athletic ez da futbol talde soil bat, sentimendu bat baino. Eta sentimendu horren zati garrantzitsua da euskerea. Baleiteke erratuta egotea eta Bilbokoa futbol talde bat izatea, lehen mailako ganerako hemeretziak bezalakoa, eta garrantzitsuena golak sartzea izatea. Uste dot, baina, Athletic-zale askorentzako gure kluba askoz gehiago dala. Eta holan bada, euskereari merezi dauen errespetua eta garrantzia emon behar jako. Bagara ala ez gara? Euskerearen alde gagoz ala kontu folklorikoa baino ez da? Izan be, udaletxeko balkoian izandako ospakizuna ikusita eta entzunda, pentsa neban Paquirrin bakarrik falta zala DJ lanetan, Pepe Reina zala mikrofonotik berbetan ebilena eta Bilbokoa barik Matalascañaseko udaletxean egozala.

Ezin da ukatu Athleticeko arduradunek ahaleginak egiten dabezala euskereari merezi dauen garrantzia emoteko. Sare sozialetan argi eta garbi ikusi daiteke. Arazoa beste leku baten dago. Villalibrek esandako berbak barriro gogora ekarrita, Athleticeko jokalariek eragin handia daukie gazterian eta jakina, gehienek gaztelera hutsean berba egiten badabe euskerea bazterrean itxita, zabaltzen daben mezua ez da bape eredugarria, geure hizkuntzea gero eta gitxiago erabilten daben gazteen artean.

Bilboko udaletxeko balkoian berba egin eben jokalarietako batzuk ez dakie euskeraz berbetan. Eurek jakingo dabe zergaitik ezjakintasun hori. Aurreko mendearen amaieran eta mende honen hasieran jaiotako gazte guztiek euskeraz ikasi eta euskerea ikasi dabe eskolan. Ikasteko gogoa falta. Errumania, Senegal, Bolivia eta beste herrialde batzutatik etorritako gazteek, ostera, ederto ikasi dabe Euskal Herriko hizkuntzea. Lehen plantilako beste jokalari batzuk euskeraz berbetan jakin arren, ez dabe egin gure jente-aurrean urduri ipinten diralako. Ez dabe ahaleginik egin gura gure hizkuntzearen alde, bigarren mailako kontu bat dala uste dabelako, antza. Moltzo horretan dagozanak ez dira bat edo bi, nahikotxo baino. Azken tropeltxo baten agertzen dira euskerearekiko begirunea daukienak: Villalibre, Vesga, Agirrezabala, Galarreta, Jauregizar, Unai Gomez eta Jon Uriarte presidentea bera, besteak beste. Klubeko futbol zuzendariak,ostera, ez dau sekula euskeraz egiten, jakin badakiela autortu arren. Barriro itauntzen dot. Bagara ala ez gara?

Egoera honetan, euskerazko hedabideetan lan egiten dogunok eskean gabilz beti, euskerazko adierazpenak lortu ezinik. Hogeta hamalau urte daroadaz Athleticen inguruko barriak jasoten eta zabaltzen, 1990eko abenduaren 6an Javier Clemente alkarrizketatu nebanetik Euskaldunon Egunkarirako. Urte guzti honeetan bizi izandakoa aztertuta, ezin dot esan euskerearen egoereak hoberantz egin dauenik, txarrerantz baino. Kokoteraino nago. Gure jardunari lagundu beharrean oztopoak baino ez doguz bidean egun baten bai eta bestean be bai. Benetan bakarrak bagara munduan, egunerokoan erakutsi behar dogu, herri honen baloreekiko konpromezua agertuz. Gure arimea hiltzen izteko bezain odolgalduak ez gara.