ALBISTE onak baino ez doguz jaso Athleticetik azken egunetan. Liderraren zelaian partidu bikaina egin ostean, aspalditik itxaroten genduan barri pozgarria gauzatu zan Nico Williamsek hiru urteko kontratua sinatu eban-eta. Astea biribiltzeko, Ernesto Valverderen taldeak hiru puntuak eskuratu ebazan Rayo Vallecanoren aurkako partiduan, lau gol sartu eta bat bera be jaso barik, aurkaria goitik behera menderatuta. Ezin dogu gehiago eskatu. Hamabost jardunaldi jokatuta, Athletic sailkapeneko bosgarren lekuan dago, Europarako postuetan. Ganera, zuri-gorriek orain arte erakutsitakoaren arabera, baikor egoteko arrazoiak daukaguz. Defenditzeko orduan zer hobetu egon arren, Valverderen taldeak sekulako zorroztasuna erakutsi dau erasoan. Izan be, zuri-gorriek hogeta hamar gol sartu ditue hamabost partidutan, gol bi batez beste partiduko. Beraz, ezin esan Athletic ezinean dabilenik aurkariaren atea zulatzeko orduan. Gol siketea iraganeko kontua da.
Partidu bateko emaitzea 4-0ekoa danean, gatxa da zehaztea talde gatzailearen errendimendu eskasaren zergaitia. Athletic, Rayo Vallecanoren ganetik pasau zan San Mamesen. Franciscoren taldea ez zan gauza handirik egiteko gauza izan Katedralean eta Unai Simonek aspaldiko arratsalderik nasaiena euki eban atean. Ezin esan Rayo talde eskasa danik. Izan be, bapezna bardindu eban Santiago Bernabeun, bina Sanchez Pizjuanen eta hiru gol bakarrik jaso ebazan Bilbon jokatu aurreko etxetik kanpo jokatutako zazpi partiduetan. Katedralean, gertatutakoa ikusita, garbi esan geinke Rayok ezin izan ebala gauza handirik egin, aurkariak ez eutsalako bere jokoa egiten itxi. Athleticek ito egin eban aurkaria.
Lau gol sartzeaz ganera, zuri-gorriek ez eben golik jaso aspaldiko partez, aurreko bost jardunaldietan bederatzi gol jaso ostean. Albiste bikaina taldearentzat eta, batez be, Aitor Paredes eta Dani Vivianentzat, Valentzia eta Celtaren aurkako partiduen ostean kritika gogorrak entzun behar izan dabez-eta.
Ate bat sarratzen danean beste bat zabaltzen dala dinoe. Mikel Vesgak ezin izan eban jokatu Rayoren aurka eta Valverdek Ander Herrera zelairatu eban Galarretaren alboan. Dani Garcia lesionatuta, Beñat Prados eta Unai Gomez zelairatzeko aukerea eukan entrenatzaileak baina beteranoaren aldeko apostua egin eban. Herrerak oso maila ona emon eban atzealdearen aurretik jokatuta eta barriro erakutsi eban, lesinorik euki ezean, jokalari garrantzitsua izan daitekeela talde zuri-gorrian.
Athletic zaleok poztasun handiagaz hartu genduan Nico Williamsen kontratu barri-tzearen albistea. Taldean, baina, beste jokalari askoren kontratua amaitzen da datorren ekainaren 30ean. Gorka Guruzeta dago horreen artean. Urteko biko kontratua sinatu eban, aurretik Amorebietan lan bikaina egin ostean. Aurrelari gipuzkoarrak zazpi gol sartu dauz hamabost partidutan. Lan bikaina egiten dabil. Lehen taldean gitxien irabazten dauen jokalarietako bat da eta merezidu dau kontratu barri on bat sinatzea.
“Euskarak behar zaitu” ekarren pankarta bategaz agertu ziran Athleticeko jokalariak Rayoren aurkako partiduaren atarian. Euskarak guztion laguntzea eta babesa behar dau, bai, baina Athleticeko jokalariak erreferenteak dira gure gizartean eta eurek euskereagaz daukien jarrerea oso-oso garrantzitsua da. Halanda ze, badira euskeraz berbetan jakin arren, mikrofonoen aurrean egiten ez dabenak, urduritasun kontuak argudiatuta. Horreei eskatuko neuskie ausartak izan daitezela eta euskeraz berba egiteko urratsa emon deiela. Euskerak behar zaitue!!!.