Athleticek ezin izan eban garaipena eskuratu Gironan, baina Montilivin erakutsitakoak pozik eta baikor egoteko arrazoiak emoten deuskuz. Zuri-gorriek liderraren zelaian hiru puntuak eskuratzeko aukera bikaina galdu ebela pentsa daiteke, norgehiagokaren lehen zatian zelaian erakutsi eben nagusitasuna eta sortu ebezan gol aukera garbiak ikusita. Markagailuan aurreratzeko aukerak alferrik galdu ostean, Athletic partidua galtzeko zorian be egon zan, Gironak bigarren zatiaren hasieran sartutako golak min handia egin eutsolako. Larogeta hamar minutuetan gertatutakoa aztertuta, bardinketea emaitza justoa dala esan geinke. Ganera, talde bien jarrerea txalotu behar da futbol ikuskizun bikaina eskeini ebelako.
Ernesto Valverderen taldeak aurkariaren bila urten eban zelaira eta hainbat baloi kendu eutsazan presino itogarri bateri esker. Hori gitxi balitz, zuri-gorriak sarritan iritsi ziran Gironaren ate aurrera eta gol aukera garbiak euki ebazan markagailuan aurreratzeko. Baina Montilivi ez da La Ceramica, eta Vila-realen aurkako partiduan bilbotarrek erakutsitako eraginkortasuna bikaina izan bazan, Gironan, Guruzeta eta enparauak ez ziran fin ibili Gazzanigaren atea zulatzeko orduan. Sei aukera garbi euki ebezan zuri-gorriek baina ez eben bat bera be sartu eta zelaian erakutsitako nagusitasunak ez eban islarik izan markagailuan.
Bigarren zatian, etxeko taldeak, aurten jokatutako hamahiru partidutan bakarra galdu dauenak, beste martxa bat sartu eutson partiduari garaipena eskuratzeko asmoagaz. Eta Michelen taldeak lortu egin eban bere helburua, markagailuan aurreratzea lortu ebalako. Arestian esan bezala, Tsygankovek sartutako golak min handia egin eutson Ernesto Valverderen taldeari. Zuri-gorriek, baina, ez eben amore emon eta ondo merezitako bardinketea lortu eben.
Ez da erreza esatea nor izan zan Athleticeko jokalari onena Montilivin. Nico Williams zorrotz ibili zan lehenengo zatian, baina zelan diran gauzak, zuri-gorrien gola beste hegaletik iritsi zan anai zaharraren eskutik. Oihan Sancetek partidu handia egin eban barriro be, aurkarien ostikada eta falta piloa jasan arren. Lotsagarria eta ulertuezina izan zan Melero Lopez epailearen jarrerea, lehenengo zatian batez be, Herrerak eta Gironaren zelai erdiko enparauek nafarrari egindako faltak adierazo barik. Egia esateko, oso gatxa da Sancet geratzea araudia urratu barik. Aurtengo Athleticek indar itzela dauka erdialdetik aurrera. Williams anaiek eta Sancetek osatzen daben hirukotea zorrotza baino zorrotzagoa da, atzetik Mikel Vesgak eta Iñigo Ruiz de Galarretak ondo lagunduta.
Unai Simon Athleticeko jokalari onena izan zan liga hasierako partidu askotan. Liderraren zelaian, ostera, ez eban lan handirik izan. Golean salduta egon zan. Kubo japoniarrak Anoetan sartu eutsan golaren oso antzekoa izan zan Gironan jaso ebana. Zuri-gorrien atzealdea ez zan oso fin ibili golaren jokaldian, baina autortu beharra dago taldeak urrats bat emon dauela sendotasuna berreskuratzeko bidean. Futbolariek esaten daben lez, Rayori irabazi behar jako zapatuan San Mamesen Gironan lortutako puntuari balioa emoteko.
Ez dot amaitu gura Carlos Gurpegiren Bilbao Athleticen ibilbidea goraipatu barik. Itzela da Lezamako gazteak egiten dabilzana. Beñat Gerenabarrena, Peio Canales edota Mikel Jauregizar bikain jokatzen ikusteak itxaropentsu egoteko arrazoiak emoten deuskuz.