INOIZ baino hurrago egon zan Athletic Bartzelonaren zelaian punturen bat lortzetik baina azkenean esku hutsik itzuli da Bilbora, betiko moduan. Lelo aurpegia geratu jakun Xaviren taldeak gola sartu ebanean norgehiagokea amaitzeko hamar minuturen faltan. Hamazazpi urteko mutil batek itxi eban sari barik Ernesto Valverderen taldea. Zuri-gorriek ez eben galtzea merezi ederto lehiatu ziran-eta, lehenengo zatian batez be. Kontuak kontu, Bartzelonan galdu izanak ez deutso min handirik egingo talde zuri-gorriari, besteak beste, ohituta dagoalako. Ganera, sarritan esaten dogun legez, galtzeko eta galtzeko moduak dagoz eta Athleticek duintasunez galdu eban domekan Lluis Companys futbol zelaian. Valverderen taldeak hiru partidu galdu ditu lehen hamar jardunaldietan eta hirurak Txapeldunen Ligea jokatzen dabilzan aurkarien kontra. Bartzelonan galdu ostean, garrantzitsua izango da lehenbailehen itzultzea garaipenaren bidera eta horretarako Valentzia menderatu behar dabe datorren domekan San Mamesen.

Xavi Hernandezen Bartzelonak, Guardiolarenak edota Luis Enriquerenak baino ikara gitxiago emoten dau, besteak beste, Messi, hainbat partidutan borrero izan dogun jokalaria, ez dagoalako egungo taldean. Eta Athleticeko jokalariek ezelango konplexu barik ekin eutsoen Montjuicen jokatutako partiduari. Egia esateko, gitxitan ikusi dogu Athletic hain eroso, sendo eta erasokor Bartzelonaren zelaian jokatutako partidu baten. Valverderen gizonek lan bikaina egin eben lehenengo zatian. Ondo eutsi eutsoen aurkariari eta arriskua sortu eben Ter Stegenen ate aurrean. Bartzelonaren zelaian irabazteko, baina, gol bat baino gehiago sartu behar da -etxeko taldeak beti sartzen dau baten bat- eta beste behin zuri-gorriak ez ziran fin ibili aurkariaren ate aurrean. Ganera, asmatu ebenean goi mailako atezain bat aurkitu eben aurrean gola eragozteko. Bartzelona, Real Madrik eta kalidade handiko jokalariak daukiezan taldeen aurka ezin zara lasaitu inoiz, edozein jokalditan gola jaso zeinkelako. Hori gertatu jakon Athletici domekan Nou Campen. Arnasa apur bat hartzeko aukerea emon eutsen Joao Felixi eta ikutu gitxitan Bartzelonak gola sartu eban. Unai Simonek lan bikaina egin eban domekako partiduan baina golaren jokaldian ez dot uste lar fin ibili zanik. Hau dala edo bestea dala, hiru puntuak Bartzelonan geratu ziran. Valverderen taldeak ez eban galtzea merezi baina barriro be galdu egin eban, aspaldiko urteetan legez. Hamazazpi urteko debutari batek hartu dau Messiren lekua zuri-gorrien borrero lez, hausi ezineko dirudien marka negargarriari jarraipena emoteko.

Puntu barik eta lesionatu bigaz itzuli da Athletic Bartzelonatik. Ander Herreraren bersinorik onenagaz gozatuko genduala uste genduanean etorri da erdilariaren zazpigarren lesinoa Bilbora itzuli zanetik. Yurik be zelaia itxi egin behar izan eban eta autortu behar dot Valverdek Lekue zelairatzeko hartu eban erabagiak dezepzionau egin ninduela. Garbi daukat entrenatzaileak inork baino hobeto dakiela zelan dagoan jokalari bakotxa eta zer emon leiken zelaian taldearen onerako. Halanda be, Imanol Garcia de Albenizen aldeko apostua egitea itxaroten neban. Adu Aresi, ostera, denporaldiko lehen minutuak jokatzeko aukerea emon eutson entrenatzaileak eta ez zan oso fin ibili. Ez zan plazarik errazena debuta egiteko denporaldi honetan,ez, baina jokalari gazteak aurrepausu bat emon behar dau lehen taldeko atea bota gura badau.