Amaitu da 2023ko traineru denporaldia eta gorengo maileari jagokonez, Bermeo-Urdaibai beste guztien ganetik egon dala garbi erakusten deuskue emaitzek. Guztira hogeta lau estropada jokatu ditue Eusko Label Ligako ontziek eta hamabostean Bou Bizkaia izan da irabazle. Bizkaia eta Euskadiko txapelketak irabaziz ekin eutson denporaldiari Bermeoko traineruak ekainean. Ostean, hamaika garaipen eskuratu dauz ligako estropadetan -bere marka onena bardinduz- eta nagusi izan da Kontxako banderan, jardunaldi bietan irabazita ganera. Bigarren urtez jarraian, Urdaibaik ligea eta Donostiako banderea irabazi ditu. Bikaina benetan. 2022ko emaitzak hobetzeko asmoagaz ekin eutson denporaldiari Iker Zabalaren taldeak eta gatxa bazirudien be, lortu egin dau. Eta hori guztia, nagusitasun handia erakutsita ganera.

‘Bou Bizkaiako’ arraunlariak.

Kritika bat baino gehiago entzun behar izaten ditu urtero Urdaibaik eta arraunlariek berba motzak jasan behar izaten ditue. Behin baino gehiagotan, “merzenario” berbea erabilten dabe Bou Bizkaiako arraunlariak iraintzeko. Pentsa lei, arraunlari batek ezin dauela diru saririk jaso arraun egiteagaitik. Antza ez dago ondo ikusita. Beste kirol askotan, ostera, futbolariek, pelotariek, aizkolariek, trontzalariek eta beste hainbatek diru bat jasoten dabe jente aurrean aritzearren. Ez dot inoiz ulertu zelan egon daiteken txarto ikusita arraunlariak soldata bat eukitea. Ganera, ia kasu guztietan, jasoten daben diru kopurua ez da handia eta ez dabe kontraturik izaten, euren jarduna hamar hilabetean profesionalena bezain gogorra eta sakrifikatua izan arren. Arraunketeak, eta traineru munduak batez be, aurrerapausu nabarmenak emon ditu azken urteetan. Nire uste apalean, baina, arraunlarien, ikuskizunaren protagonista nagusien egoerea ez da aldatu. Traineru estropadek eragiten daben dirua arraunlarien lan baldintzak duintzeko erabili beharko litzateke.

Eta traineruak kudeatzeko jarraitu beharreko ereduari jagokonez, bakotxak berak gura eta ahal dauen eredua jarraitu daiala, beti be araudi baten barruan, gaur egun egiten dan lez. Harrobia lantzea ezinbestekoa da etorkizuneko arraunlariak sortzeko baina harrobia lantzen daben klubek be sarritan arazoak eukiten dabez ekipoak osatzeko gorengo mailan. Sakoneko arazo bat dago eta hori konpontzeari ekin behar jako.

Bizkaiko sei talde euki doguz aurten Eusko Label Ligan. Datorren urtean, bat gutxiago eukiko dogu. Zierbenak egindako denporaldia bikaina izan da benetan. Lau bandera irabazi ditu eta bigarren geratu da Eusko Label Ligan eta Kontxan, lehiakortasun itzela erakutsita estropada guztietan. Txapela kentzeko moduko urtea galipoentzat.

Lekittarrak denporaldi nasaia euki dau aurten. Aurreko urtean maileari eusteko play offa jokatu beharra izan eta une gatxak bizi ostean, aurten Isuntza arraun elkarteko traineruak ligearen hasiera-hasieratik sailkapeneko beheko postuetatik urruntzea lortu dau eta ez dau ezelango arazorik izan maileari eusteko. Zoritxarrez, ezin izan eban Kontxarako sailkapena lortu.

Ondarroako Antiguako Amak Eusko Label Ligeari eusteko helburuagaz ekin eutson denporaldiari eta bete egin dau, hasiera baten uste baino arazo gitxiagogaz. Ganera, ondarrutarrak indartsu heldu ziran denporaldiaren azken txanpara eta Kontxarako sailkatzea lortu eben. Aitamen berezia merezidu dau Iñigo Larrinaga patroiak. Antiguako Ama traineruaren lemea eroaten hogetabost urte bete ostean, ez dau jarraituko hurrengo denporaldian.

Kaikurena ez da denporaldi ona izan. Maileari eusteko arazorik izan ez arren, Jose Luis Kortak zuzendutako traineruak gora behera handiak izan ditu eta ez da lehiakor agertu. Ganera, ez zan Kontxarako sailkatu. Eta Santurtziren ganean, pena handia emoten dau traineru historiko bat mailea galtzen ikustea, orain dala urte bi, Eusko Label Ligea eta Kontxea irabazi ostean. Laster itzuli daitela.