Bost jardunaldi jokatu dira liga txapelketan eta Athleticek hamar puntu eskuratu dauz hamabostetik, partidu bakarra galdu dau, lehenengoa Real Madriden aurka San Mamesen, eta ez dau golik jaso hiru partidutan. Horregaz batera, zazpi gol sartu dauz Katedralean jokatu dituen partidu bitan, Betis eta Cadizen aurka. Txapelketea hasi baino ez da egin, baina pozik egoteko arrazoiak emon deuskuz Ernesto Valverderen taldeak. Gero gerokoak.

Ez genduan aurkaririk aproposena izan txapelketeari ekiteko, aspaldiko Real Madrid sendoena izan genduan-eta bisitari lehen jardunaldian San Mamesen. Valverderen taldea ezinean ibili zan merengeen nagusitasunari aurre egiteko. Hasiera makal horrek zalantzak sortu ebazan taldearen inguruan. Ganera, liga amaiera makala egitetik etorren taldea aurreko denporaldian. Real Madriden aurka etxean galtzea ia urteroko kontua izan arren, bat baino gehiago urduritzen hasi eta argi gorriak biztuten hasi zan Valverderen burua kolokan ipinten hasita ganera. Hurrengo jardunaldian, baina, mamu guztiak uxatu ebazan taldeak Sadarren partidu serioa egin eta garaipena eskuratuta. Horregaz batera, hurrengo jardunaldian Betis menderatu eban talde zuri-gorriak kontrako 0-2 emaitzeari bueltea emonda. Mallorcaren zelaian be ez eban galdu Athleticek, irabazteko aukera polita alperrik galdu eban arren. Eta zapatuan, erreztasun handiz menderatu eban Cadiz -Sergio Gonzalezen taldeak oso maila makala emon eban- aurkariaren hesia zulatzeko ordu bete baino gehiago behar izan baeban be. Zuri-gorrien ekinak saria jaso eban eta behin atea zabalduta gol zaparradea lortzeko zorian egon ziran.

Athletic honek itxura ona dauka. Are gehiago, lesionaturik egon diran jokalari garrantzitsuak, Yuri eta Yeray, taldera itzulita. Ernesto Valverdek argi eta garbi dauka zein dan bere gustoko hamaikakoa. Buruz ikasten hasita gagoz. Eta hori ona da taldearentzat. Atzealdean ez dago zalantzarik: De Marcos, Vivian, Yeray eta Yuri dira hautatuak. Zelain erdian be, beste urte batzuetan ez bezala, bikote batek jokatu ditu ia minutu guztiak orain arteko bost partiduetan. Vesgak eta Iñigo Ruiz de Galarretak bikote sendoa osatzen dabe, orekatua. Batek aurrerantz begiratzen dau gehiago eta besteak atzerantz. Osagarriak dira. Euren aurretik, Williams anai biak hegaletan eta Oihan Sancet barrutik. Iñaki eta Nico benetako labanak dira hegaletatik. Gaur egun uste dot ia inork ez dauela zalantzan ipinten zein dan Williams anai zaharraren lekurik egokiena zelaian. Cadizen aurka, eten barik jo eban aurkariaren atzealdearen aurka eskoiko hegaletik, min handia eginez ganera. Sanceten inguruan, jokalari erabakigarria da Athleticen. Erraz apurtzen ditu aurkariaren lerroak eta gola dauka. Ez eban golik sartu Cadizen aurka baina bereak izan ziran lehen zatiko aukera garbienak.

Eta aurrealdean, Gorka Guruzetak hiru gol sartu ditu bost partidutan. Ezin deutsagu gehiago eskatu. Asko laguntzen dau erasoko jokoa sortzeko orduan eta egon behar dan lekuan egoten daki hegaletatik datozen baloiak errematatzeko. Hori guztia gitxi balitz, Asier Villalibrek gola sartu eban zelaian ikutu eban lehen baloian.

Ez gara amesetan hasiko, hau hasi besterik ez dalako egin, baina barriro dinot Ernesto Valverderen taldeak itxura ona daukala. Barikuan azterketa gogorra dauka euskal derbian Mendizorrotzan.