Athletic eta Mallorcaren arteko partiduak debekatuta egon beharko liratekezala idatzi dau kazetari batek sare sozialetan. Ernesto Valverdek berak be esan dau argi daukala bere taldeak eta Javier Agirrerenak domekan Son Moixen jokatu ebena ez dala historiako partiduarik onena izan. Kontua da, futbol partidu bateko aurkarietako batek uko egiten deutsonean jokatzeko ahaleginari, balizko ikuskizuna ezinezko bihurtzen dala. Athleticek partidua irabazteko ahaleginak egin ebazan baina ez zan fin ibili gol aukerak gauzatzeko orduan, lehenengo zatian batez be. Oihan Sancetek eta Nico Williamsek aurkariaren atea zulatzeko aukera garbiak euki ebezan baina bata zein bestearen jaurtiketak kanpora joan ziran, oso gitxigaitik biak.

Aurkari ugari aurkitu ebazan Athleticek domekan Son Moixen. Bero itogarriari haize indartsua gehitu jakon. Arerio deserosoak biak. Eta zer esan geinke Javier Agirreren taldearen ganean. Mallorcak ez dau futbolean jokatu gura. Ez dau ikuskizunik emon gura. Aurkariaren huts egiteak edo geldikako jokaldiak baliatu gura dauz partiduak irabazteko. Agirreren taldearen aurka jokatzea ez da bape erreza. Ez dau presino itogarririk egiten aurkariaren zelaian eta bere zelaian itxaroten deutso ondo antolatuta. Athleticek baloiaren jabetzea euki eban, bai, baina Mallorcaren zelaia zapaltzeagaz batera ezinezkoa jakon aurrepausu bat emotea zuri-gorriak aurkariz inguratuta aurkitzen ziralako. Halanda be, arestian esan bezala, Athleticek aukera garbi bi euki ebazan aurkariaren atea zulatzeko baina Sancet eta Williams anaia gazteak ez eben asmatu. Etxetik kanpoko partiduetan gol aukerak baliatu egin behar dira, are gehiago domekakolako norgehiagoka itxietan.

Edozelan be, domekako partiduak aurreko urtekoak baino sentsazino hobeak itxi ditu. Iaz, zuri-gorriek ozta-ozta lortu eben puntu bat azken minutuan sartutako golari esker. Aurten, ostera, sari berbera jaso arren, Athletic aurkaria baino gehiago izan zan zelaian eta aurkarietako batek garaipena eskuratzeko meritoak egin ba ebazan, hori Athletic izan zan. Nabarmentzekoa da, ganera, Unai Simonek ez ebala golik jaso bigarrenez denporaldi honetan. Bitxia bada be, zuri-gorriek ez dabe golik jaso etxetik kanpo jokatu dabezan partidu bietan, Sadarren eta Son Moixen. San Mamesen jokatu dabezanetan, ostera, lau jaso ditue, bi Real Madriden aurka eta beste bi Betisen aurka.

Lau jardunalditan zazpi puntu lortuta iritsi da Athletic denporaldi honetako lehen geldialdira. Iaz be puntu uzta berbera lortu eban baina aurtengo aurkariak iazkoak baino gogorragoak izan dira. Lehen balorazino baten, esango neuke Ernesto Valverderen taldeak itxura ona daukala. Atzealdeko sendotasuna hobetu behar da. Ia Yeray eta De Marcos hamaikakora itzultzen diranean atzealdeko lerro horrek onerako igarten dauen.

Emakumezkoen taldeak hasiera bikaina emon deutso denporaldiari Euskal Herria kopako finala irabazita Realaren aurka jokatutako finalean. Urte garrantzitsua da zuri-gorrientzat. Etapa barri bateri ekin deutse David Aznar entrenatzailearen etorrereagaz eta aurten be gaztetasuna da nagusi Athleticen. Ondo hastea oso garrantzitsua izango da.

Lau jardunaldi jokatu ditu Amorebietak bigarren mailan eta garbi erakutsi dau edozein aurkariri eta edozein zelaitan irabazteko gauza dala. Ez dot uste oraingo honetan Zornotzako futbol taldearen ibilbidea futbol profesionalean aurrekoa bezain laburra izango danik.