Lau puntu kendu eutsozan Hondarribiak Urdaibairi Ondarroan zapatuan jokatutako estropadan. Ama Guadalupekoa, Bou Bizkaia baino hobeto moldatu zan olatu artean eta bost puntura murriztu eban Bermeoko traineruarekiko aldea Eusko Label Ligearen sailkapenean. Itsasoak, baina, egun baten emoten deutsuna kendu egiten deutsu hurrengoan. Eguraldia berdetu egin zan domekan Getarian eta traineruek Ondarroako estropada eremuan izandako baldintzak okerrak izan baziran, hurrengo egunean hainbat txarragoak bilakatu ziran. Hondarribiako traineruak hamabi segundoko aldea kendu eutson Bermeokoari zapatuan Ondarroako estropadan eta beste hiru talde sartu ziran tartean. Domekan, ostera, Bou Bizkaiak berrogeta hamar segundo luzeko aldea atara eutson bere aurkari nagusiari eta denporaldiko hamargarren garaipena eskuratzeagaz batera, bezperan galdutako lau puntuak berreskuratu ebazan. Kontuak kontu eta estropada bi bakarrik geratzen diranean, Urdaibaik esku eskura dauka garaipena Eusko Label Ligan. Zelan aldatu daitekezan gauzak itsasoan egun batetik bestera. Hortxe dago itsasoaren handitasuna. Arraunlarientzat denporaldiko estropadarik deserosoena eta gatxena izan arren, ikuskizuna kanpotik segiduten dogunontzat, urteko lehiarik ederrenetakoa izan zan Getarian ikusi genduana. Azpimarratzekoa da, baita be, Zierbenako traineruak egindako lan bikaina. Aurreko egunean denporaldiko estropadarik makalena egin ostean -emaitza aldetik behinik behin- Dani Perezek zuzentzen dauen taldea hurre ibili zan Getariako banderea eskuratzetik. Azken ziabogan ez ziran oso fin ibili eta Urdaibaik aurrea hartu eutsen azken luzean. Edozelan be, Zierbenak bere lehiakortasunaren barri emon dau barriro be eta sasoi betean heldu da denporaldiko unerik erabakigarrienera.

Gauza bera esan daiteke Lekittarraren ganean. Jardunaldiko baldintzarik gogorrenetan lehiatu zan bigarren txandan eta hirugarren amaitu arren, oso hurre ibili zan Getaria eta Oriotik. Ganera, bezperan, Saguaren mutilek bigarren postua lortu eben Ondarroan Orioren atzetik. Donostiako banderarako txartela eskuratzea da orain helburua. Ondarroako traineruari jagokonez, arazo barik eutsi deutso maileari eta gogotsu joango da egueneko sailkatze estropadara.

Kaikuk aspaldiko estropadarik txukunena egin eban Getariako banderan haren aurreko jardunaldietan maila makala emon ostean. Aurpegirik onena erakutsi beharko dau hurrengo domeka bietan Donostiako badian egon gura badau. Santurtzin urak baretu egin dira une latza bizi ostean. Soterak ondo prestatu beharko dau Eusko Label Ligako play offa. Nire uste apalean, Santurtzik badauka indarrik eta kalidaderik maileari eusteko Ares, Bueu, San Pedro edota Lapurdiren aurretik.

Portugaleten sekulako poza hartu dabe Jarrillerak KAE 1 ligara itzultzea lortu dauelako, Colindresen eta Erandion jokatutako play offeko estropada bietan nagusitu ostean ganera. Bost urte luze eta gogor egin ditu Portugaleteko traineruak KAE 2 ligan. Txanponaren beste aldean, Busturialdeak ezin izan deutso eutsi maileari. Edozelan be, Mundaka eta Elantxobeko arraun taldeek sustatutako harrobiko proiektuak aurrera segiduko dau. Deustok aste gogorrak ditu aurretik, KAE ligako promozinoan bigarren sailkatu ostean, Eusko Label Ligaren play offaren emaitzaren zain egon beharko da datorren denporaldian zein mailatan ariko dan jakin arte.