GALIZIAKO estropadek bizitu egin dabe Eusko Label Ligea. Urdaibairen nagusitasuna erabatekoa zala uste genduanean -Bermeoko traineruak sei garaipen eskuratu ebazan aurreko zazpi jardunaldietan- Zierbenak argi eta garbi erakutsi dau kontuan hartzeko ekipoa dala Eusko Label Ligea eta Kontxako banderea irabazteko borrokan. Dani Perezek zuzentzen dauen trainerua oso aurkari arriskutsua eta lehiakorra da. Meiran eta Boiron lortutako garaipenei esker, aurrerapausu nabarmena emon dau sailkapenean eta hirugarren postuan segidu arren lau puntura dauka Urdaibai, sailkapeneko liderra, eta puntu bakar batera bigarrena, Hondarribia hain zuzen be. Garaipen gosea ekarri deutso Perezek bere kuadrileari. Ganera, entrenatzailea plantilea osotzen daben arraunlari guztiak erabilten dabil. Aurreko astegoienean, bost aldaketa egin ebazan jardunaldi batetik bestera eta Zierbena irabazle izan zan bietan. Ekipo baten indarra.

Denporaldiko emaitzarik makalenak lortu ditu Urdaibaik Galizian jokatutako hiru estropadetan. Bosgarren postuan sailkatu zan lehen jardunaldian A Coruñan, hirugarren zapatuan Meiran eta seigarren domekan Boiron. Autortu behar dot ezustean harrapau gaituela Bou Bizkaiaren errendimenduak euki dauen makalaldiak, batez be aurreko estropadetan erakutsitako nagusitasuna handia izan zalako. Edozelan be, Bermeoko traineruak sailkapeneko lehenengo postuan segiduten dau, bigarrenari, Hondarribiari, kentzen deutson aldea erdira murriztu bada be. Ganera, Zierbena lau puntura hurreratu jako. Iker Zabalak behin esan eban moduan, ezinezkoa da estropada guztiak irabaztea. Berak jakingo dau, inork baino hobeto, zer gertatu jakon bere ekipoari Galizian jokatutako estropada bietan. Hurrengo lehia biak Zarautzen jokatuko dirala kontuan izanda, garbi daukat Urdaibairen bersinorik onena ikusiko dogula denporaldiko banderarik preziatuenetakoa eskuratzeko borrokan. Edozelan be, Eusko Label Ligea ezin erakargarriago ipini da arraunzaleontzat.

Lau jardunaldi baino ez dira geratzen mailea zein traineruk galduko dauen eta play offa zeinek jokatuko dauen erabagiteko. Alde horretatik, Lekittarrak eta Kaikuk betetzat jo leikie denporaldi honetarako helburu nagusia, maileari eustea hain zuzen be. Traineru bi honeek Kontxarako sailkatzeko estropadari begira hasi dira lanean. Izan be, ez da normala Isuntza arraun elkartearen trainerua sailkapeneko azken aurreko postuetan ikustea azken estropada bietan. Ondarroak hamazortzi puntuko aldea kentzen deutso promozino postuan dagoan Santurtziri eta matematikoki Soterak aukerak ditu Antiguako Ama harrapatzeko. Dana dala, alde handiegia da lau jardunalditan kentzeko. Ganera, Ondarroak maila oneko trainerua dala erakutsi dau eta Santurtziren aurretik sailkatu da Meira eta Boiroko estropadetan.

Itsasoko Ama arraun elkarteko traineruak oso gatx dauka promozino postutik urtetea eta leitekeena da play offa jokatu behar izatea. Edozelan be, Javi Polok zuzentzen dauen ekipoak urrundu egin dau jaitsiera zuzenaren mamua. Ez da gitxi, azkenaldian izan daben bolada txarra ikusita.

Aste erabakigarria daukie aurretik KAE 1 mailako hamabi ontziek. Atzo Castron lehiatu ostean, beste estropada bi jokatuko ditue hurrengo astegoienean Zarautzen eta Bilbon. Deustok eta Busturialdeak garbi daukie maileari eusteko play offa jokatu beharko dabela Colindresen eta Lutxanan. Portugalete be promozino estropada horreetan lehiatuko da. Sailkapeneko goialdean, Arkoteri gatx ipiniko jako Eusko Label Ligarako play offeko sailkapena eskuratzea Castron hirugarren amaitu eta San Pedro nagusitu ostean. Plentziako traineruak bost puntura dauka orain sailkapeneko bigarren postua estropada bi bakarrik geratzen diranean KAE 1 ligako denporaldia amaitzeko. l